Sakonean

Mercedes, ispilu aurrean

Ruben Sanchez Bakaikoa 2022ko urt. 14a, 06:00

Mercedeseko langile Mikel Diaz de Alda, Dani Ramos, Igor Gebara eta Lander Abascal. / R. SANCHEZ

1950eko hamarkadan iritsi zen Imosa Gasteizera DKW furgoneta fabrikatzera. Gaur Mercedes da EAEko lantegi handiena, Arabako ekonomiaren oinarri nagusietako bat. Mikrotxipen eskasiak eragindako lan-etenaldiak albiste nagusia diren asteotan, beste zerbaiti erreparatu nahi izan diogu: nola garatu da lantegi-langile harremana hamarkadotan?

Iñaki Anda 1980an hasi zen Mercedesen lanean. "1976ko Martxoaren 3ak pisua zuen, eta langileak errespetu handiagoz tratatzen zituzten, erdi-mailako arduradunak gertukoagoak ziren". 1983-84an gauzak aldatzen hasi ziren, urteroko Martxoaren 3a oroitzeko greba legez kanpokotzat jo zuten, eta urte hartan langileei zigorra ezarri zieten. 1986an, CAT-ek (Candidatura Asamblearia de Trabajadores) irabazi zituen Mercedeseko langile batzorderako hauteskundeak. CATen ondoren LAB eta ESK osatuko zituzten, eta Jesus Martinez Naves, Iñaki Martin Etxezarra eta Julio Gonzalez Durana langile mugimendu asanblearioaren ordezkariak zeuden. Enpresak 1987an hiru langile haiek kaleratu zituen zigortutako langile baten alde lanuzteak bultzatzeagatik. Ondoren, enpresak auzia galdu eta gero, langileak berriz onartu behar izan zituen. Andaren arabera, orduan hasi zen langileen profil ideologikoa eta batzordea kontrolpean izateko jokoa.

Bestalde, sasoi hartan Gasteizko Mercedesek inbertsio handia izan zuen: ibilgailuak Espainia eta Portugalen bakarrik saltzetik Europa osora saltzera igaro zen. Lana eta langileak murrizten ari zen lantegia ekoizpena eta kontratazioak handitzen hasi zen.

Euskaraz egiteagatik arazoak izan zituela salatu du Aitor Aiastuik

1990eko hamarkada

Jorge Sanz Beris 1996an aldi baterako kontratatu zutenean, laguna zuen LABeko delegatuak argi esan zion: "Han ez nazazu agurtu, ez nauzu ezagutzen, ez hitz egin LABeko inorekin". Finkoa egin zezaten UGTn afiliatu zen. Kontratatu baino bi egun arinago UGTtik bertatik bere izena onartutako finkoen artean zegoela esan zioten. Finko kontratatutakoan utzi zuen UGT, eta handik urtebetera LABen hasi zenean lanpostu "on" batetik katera bidali zuten. Erretiroa hartzeko bi urte falta zaizkiola, katean jarraitzen du.

1994an ekoizpenean hasi ziren lehen bederatzi emakume aitzindarietako bat da Arantza Arina; bigarren mailako Lanbide Heziketa eskatu zieten, gizonezkoei lehen mailakoa. Matxismo handia ezagutu du enpresan: "Nazkatuta nagok emakumeak gure lerroan sartzearekin", "Hi ezin haiz liderra izan, haurdun geratzen bahaiz, zer?". Behin LABen afiliatuz gero, emakume langilea izatearen gogortasunari LABekoa izatea erantsi zitzaion. Hasieratik lan egin du katean; bi aldiz gainditu du lerro-zuzendariaren azterketa, baina giza-baliabidekoekin elkarrizketa egin ondoren ez dute harako hartzen, "azterketa gainditu ez duten batzuk, ordea, bai". Ez dira atzoko gauzak: 2017an epai batek behartu zuen Mercedes aldi baterako kontratua izan, haurdun geratu eta kaleratu zuten I.B.L. emakume langilea berriz onartzera.

Iñaki –asmatutako izena– 1996an kontratatu zuten. ELAn afiliatua dago eta hamaika auzi izan ditu enpresarekin "markatuta egoteagatik". Gehienetan zigorra kentzea edo leuntzea lortu du, baina "normalean langileek zigorrak onar tzea lortzen dute, bestela auzian bukatuko den bide osoa ibiltzera behartzen zaituzte". Epaitegian bukatu duten adibide asko ditu: medikuarenera joan-etorria egiteko zazpi minutu berandutzeagatik, herrian zinegotzia zenean udalbatza batera ateratzeagatik, ekoizpen aldaketa bat idatziz eskatzeagatik...

Igor Gebara 2000. urtean hasi zen aldi baterako. Sasoi hartan, ibilgailu berrien ekoizpena lotu eta Azken montaia nabea eraiki zuten, kontratazio asko egin ziren. Gebara ELAren afiliatua zen, agerikoa, aldi baterako kontratuak amaitu zitzaizkionean obra-kontratua egin zioten. Kontratu mota hori katerako ilegala izaki, enpresa auzipetu eta irabazi egin zuen. Mercedesek ez zuen ondo hartu; kontratua egin eta soldata ordaintzen bazioten ere, lantegira sartzea debekatu zioten: garitetako zaindariek bere argazkia zuten jarrita.

Delegatu sindikala egin zen orduan, eta lan sindikala egiteko langileekin lantegian biltzea baimendu zioten. Hamar hilabetez tirabirekin jardun eta gero, enpresak lan bat eman zion.

Gaur egun, Mercedeseko langile batzordeko presidentea da, sei urte darama hor, baina behin ere ezin izan da bildu Emilio Titos enpresako nagusiarekin.

Lan malgutasunaren mesedetan, eskubide asko galdu direla esan
dute sindikatuetako ordezkariek. / R. SANCHEZ

 

2010eko hamarkada

Lander Abascal 2011n hasi zen Mercedesen, lehendik, LABeko kidea bazen ere, behin-behineko bigarren urtean UGTn afiliatu zen kontratatu zezaten: "Beste enpresa handi samar batzuetan lan egin dut –Tubacex, Tubos Reunidos, Vidrala–... Eta inon ez dut ezagutu Mercedesekoa bezalako jazarpen sozio-politikorik". Hasieratik formatzaileak berak esan zion: ez zaitez LAB, ELA edo ESKn afiliatu. Facebook-eko kontua bertan behera utzi zuen: "Pertsonalekoek begiratzen dute, eta hor agertzen bazara mani batean edo kontzertu batean...". Finkoa egindakoan utzi zuen UGT.

"Markatutako langileek" mailaz igotzea "oso zaila" dutela salatu dute

Aitor Aiastui 2016an hasi zen Mercedesen. Ekintza sindikatuan afiliatu zen kontratatu zezaten. Euskaraz jarduteagatik arazoak izaten hasi zen. "Hemen ezin da euskaraz hitz egin. Hona lan egitera gatoz eta debekatuta dago" eta "Hi zer haiz etarra horietako bat?", modukoak entzun behar izan zituen. Ondoren, enpresa barruko pertsona batek ea legearekin arazorik izan zuen edota sare sozialetan enpresaren gustukoa ez zen zerbait ote zeukan, eta Ekintzako arduradunak ere esan zion whatsapp-eko profileko argazkia kentzeko (Euskal presoak Euskal Herrira banderola zen). Argazkia aldatu, sare sozialak utzi eta interneten agertzen zen informazio pertsonal guztia ezabatzen saiatu zen. Beranduegi izan zen, laneko balorazioak onak zituen, baina ez zuten kontratatu. Osasun psikologikoan kalte handia eragin zion prozesu osoak. Azkenean, auzia irabazita, berriz kontratatu behar izan zuten.

Ekintza sindikatuko Gaby Muñozek adierazi du ez dela egia Mercedesen lan egiteko zenbait sindikatutan afiliatu behar denik. "Hori esaten duenak frogatu beharko luke, bestela delitua ere izan liteke". Lan malgutasunaren mesedetan, eskubide asko galdu direla esan dute sindikatuetako ordezkariek. Afiliatuak "zaindu eta lagundu" besterik ez dutela egiten azaldu du, beren lanerako prestutasuna helaraziz. "Ekintzak ez du inongo filiazio politikorik, alabaina, enpresak ez dira ezkerrekoak izaten; ni aldi baterako kontrataturik banengo, ez nuke erakutsiko nire joera politikoa, batez ere ezkerrekoa edo abertzalea bada”.

Dani Ramos ESK-ko ordezkariak kontatu du Jainkoaren gaineko auzia. 2019an, langile talde bat ikastaro bat jasotzen ari zen Egibiden. Hiru langilek ika-mika bat izan zuten prestatzaile batekin, eta hark parte eman zion enpresari. Mercedesek hiru langileak kaleratu zituen. Ramosen arabera, filmetan bezala izan zen: "Hartu zuen gauzak eta zoazte, segurtasuneko kide batek lagunduko dizue kalera. Asmoa eredugarri izatea izan zen, gainerakoei beldurra sartzeko".

Kaleratzeen ondorioz, batzordean ordura arte ez zegoen batasun bat lortu zen. Hiru langileak UGTko afiliatuak ziren, "eta sindikatu hori gaiarekin inplikatzea eragin zuen, CCOO ere mugiaraziz, ELA, LAB eta ESK hasieratik egon ginen aurrean, beti bezala, edozein kaleratzeren aurka. PIMek ere kostata baina bat egin zuen, eta Ekintza bakarrik geratu zen kanpoan".

Imosa eta Inauto lantegiak izan ziren Gasteizko
Mercedesen aurrekariak. / GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA

 

Hiru langileetako batek bidegabeko kaleratzeagatiko akordioa ez zuen onartu, UGT utzi eta ESKn afiliatu zen; sindikatu hark artatu zuen juridikoki. Tentsioa prozesu judizial osoan luzatu zen. Protestetako batean, lantegiko zuzendari Emilio Titos langileei hitzaldi bat ematen ari zitzaiela, batzordeko batzuk aurrean jarri zitzaizkion kaleratzeak salatzeko kartelekin. Ekitaldia amaitzean hurbildu zitzaien; batzordekoek kaleratzeak bidegabekeria zirela esan ziotenean esan zuen ez zegoela atzera bueltarik eta enpresarekin identifikatzen ez zenari irteera erraztuko zitzaiola. Ramosek esan zion bidegabekeria justifikatzeko dirua erabiltzen zuela. Titosek "behar den diru guztia" erantzun zion.

Gasteizko epaitegian kaleratzea bidegabea izan zela ebatzi ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuten, epaileek kaleratzea baliogabekoa ebatzi eta enpresak langile hori berriz kontratatu zuen. Epaiak "langilearen oinarrizko eskubideak urratu izana" leporatu zion, adierazpenaskatasunerako eskubidea, hain zuzen ere. Ramosek laburbildu du auzia: hiru langileek hezitzailearekin izan zuten ika-mika Emilio Titosen jainkotasuna zalantzan jartzea izan zen. Prestatzaileak enpresaren piramide-organigrama azaldu zuen, eta, gorenera iristean, Jainkoa zegoela esan zuen. Langileek galdetu zioten ea horrela kontatzeko esan zioten edo bere uztakoa zen. Prestatzaileak erantzun zien Titos Jainkoa zela eta egunero otoitz egin behar ziotela Mercedesen lan egiteagatik eskertzeko.

2020ko hamarkada

Gebarak salatu du Holiday worker-ekin lantegiak egiten duena. Iaz birritan egin zuten: ikasten ari diren langileen seme-alabentzako udan lan egiteko kontratuak dira. "Giza baliabidekoek ekimen hau erabiltzen dute otzanak eta menderatuak ez diren langileak zigortzeko. Holiday worker-etik kanpo uzten dituzte langile horien seme-alabak, eta beste langile batzuen gomendioak onartzen dituzte. Hortik atera kontuak, markatutako langileen senideek zer aukera duten Mercedesen lan egiteko".

Garai batean gauzak bestela ziren CCOOko Roberto Pastorrek dioenaren arabera: duela hamarkada batzuk langileen seme-alabak bakarrik sartzen ziren Mercedes edo Michelinen. ELAko Iñakik ere antzeko ideia bota du: garai batean Ehariko eta Gasteizko jendeari ematen zioten lana, orain beste probintzietako batzuk datoz eta beste sindikatu batzuekin bat egiten dute.

Mercedesen mailak igotzeko prestakuntzak, azterketak eta arduradunaren balorazio-txostenak erabiltzen dira. 2007an, Igor Gebarak eta ELAko beste delegatu batek enpresa salatu zuten baloraziorik egiten ez zietelako, eta Gasteizko auzitegi sozialak arrazoi eman zien. Gaur egun, arduradunak baloratu behar du hala eskatzen duen langilea, eta aldeko txostena badu, hala ere, azken hitza giza baliabidekoek dute; LAB, ESK eta ELAk salatu dute sistema horrekin markatutako langileek oso zaila dutela maila igotzea.

Lan sindikala egitea bera ere korapilatzen zaie legearen abaroan: aurreko lan-hitzarmenaren kontra bozkatu zuten ESK, ELA eta LAB sindikatuek. Orduan, enpresak erabaki zuen lan-hitzarmena kudeatzeko batzordeetan hiru sindikatu horien ordezkariak ez onartzea. Auzitegiak arrazoi eman zion enpresari. Orain negoziatzen ari diren Lan Hitzarmen berrian CCOO eta UGTk –PIM eta Ekintzak ez bezala– ESK, ELA eta LABi euren konpromisoa adierazi diete batzordeetan parte hartzen uzteko. PIMek ALEAri adierazi dionez, "Gorenaren epaiak hala ebatzi zuen, eta gu alde gaude". Gogorarazi dute langileen gehiegoak berretsi zuela lan hitzarmena eta sindikatu horiek onartu beharko luketela. Berdintsu mintzatu dira Ekintza sindikatutik ere.

2017an, Lan Ikuskaritzak errekerimendua egin zion Mercedesi aldi baterako 500 kontratatu finko egin zitzan, nahiz eta askoz gehiago izan txostenean ezarritako baldintzak betetzen zituzten aldi baterako kontratuak. Enpresak errekerimendua bete zuen, Lan Hitzarmena sinatu zuten sindikatuekin egindako enplegu-akordio batekin zurituz. ELA, LAB eta ESK sindikatuetatik instituzioetara jo zuten babesa eman ziezaieten, hitz adeitsuak jaso zituzten, baina ez zuten ezer adierazi jendaurrean.

Norako joera?

ESK, ELA eta LABeko ordezkarien arabera, azken urtetan lan-malgutasunaren mesedetan eskubide asko galdu dituzte diru-sarien aitzakian. Gehienetan langileen gehiengoak (maiz, atal bateko langileei soilik eragiten dien aldaketa bat guztiek bozkatzen dute) enpresak nahiago dituen baldintzak onartzen dituenez, ezin da gauza handirik egin.

Katea, berriz, industriaren sinboloa, gero eta azkarrago doa: duela hogei urte lan errepikatuak hamar minutuko maiztasuna zuen, gaur egun minutu eta erdikoa, langile askoren osasuna kaltetuz.

Zuzendaritzak zer dio?

Mercedeseko komunikazio arduradun Maria Jose Ortiz de Zaratek erantzun die ALEAren galderei. Langileak kontratatzeko unean ea iragazkirik dagoen galdeturik, enpresan "langileek egiten duten lanaren gaineko balorazioa" aintzat hartzen dela esan du, "ez da Mercedesen kontratazio irizpidetan sartzen langileen filiazio sindikala, hori beren arlo pribatuaren parte baita".

Mercedes eta Arabako metal arloko hauteskunde-emaitzen arteko aldearen inguruan [Mercedesen ordezkarien banaketa: UGT (7), ELA (7), LAB (4), CCOO (4), Ekintza (3), ESK (3), PIM (3), eta Arabako industrian nagusiak: ELA (329), CCOO (140), LAB (122), UGT (115)] gogoratu du langileek lau urtero bozkatzen dutela, "askatasunean eta era anonimoan, edonongo prozesu demokratikotan bezala".

Azkenik, langileek mailak igotzeko prozesuen gainean, zenbait argibide eman nahi izan ditu: "Langilea urtebetez gutxienez gainbegiratzen du bere managerrak eta balorazioa pasa. Alde sozialarekin negoziaturiko formulario bat erabiltzen du, non baloratzen diren taldean lan egiteko gaitasuna, detailearekiko arreta, kalitatea… Azpimarragarria da E mailara (mailaz maila den altuena) aurreratzeko aurkeztu diren langileen %91k ebaluazioa gainditu dutela, eta dagokien soldata zatia jasotzen ari direla".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago