Gaueko txandan igandetan seigarren gauari ez, eta KPIari lotutako soldata igoerak. Bi aldarrikapen nagusi horiekiko atxikimenduak Mercedeseko enpresa batzordearen barruko desadostasunak gainditu egin ditu, eta enpresa batzorde osoak gaurko deialdiarekin bat egin ez duen arren, plantillaren erantzuna berriz ere masiboa izan da, eta ekoizpen-lerroek geldirik eman dute eguna.
Gaurko greba eguna soilik ELA, LAB eta ESK sindikatuek (batzordearen %45) deitu duten arren, plantillaren erantzuna erabatekoa izan da: sindikatuen arabera, %95eko jarraipena; ekoizpena geldirik; eta milaka langile goizeko batzarrean zein arratsaldeko manifestazioan. Gainera, beste sindikatuetako batzuek ere (UGTk, adibidez) azken orduan bat egin dute deialdiarekin.
Joan den asteazkeneko greba historikoaren ostean, enpresa batzordearen gehiengoak (ELA, LAB, ESK, UGT eta CCOO) bi greba egun bateratu adostu ditu, euskal sindikatuen gaurko deialdiaz gain: ostegun honetan, ekainaren 30ean, Arabako Metalaren grebarekin bat; eta hurrengo asteazkenean, uztailaren 6an.
🏭🔴 Mercedeseko milaka langile hitzarmen duin bat exijitzeko: seigarren gauaren aurka eta KPIaren araberako soldata igoeraren alde.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) June 29, 2022
📍 Langileen batzarrak hiru eguneko lanuztea proposatu du datorren asterako ▶️ https://t.co/4jOv7B8cGX
📽️ @Toni_R_V pic.twitter.com/LLkaCeTT5s
Hiru greba egun gehiago
Horrez gain, greba deialdiarekin, piketeekin eta arratsaldeko mobilizazioarekin batera, ELA, LAB eta ESK sindikatuek 5.000 langile inguruk osatutako (Mercedes EAEko fabrikarik handiena da eta Euskal Herriko handienetariko bat) plantilla osoarentzako batzar irekia antolatu dute gaur goizean, Buesa Arenako kupulan, aurrera begirako lan ildoak zehazteko.
Bertan, uztailaren 1erako, ostiralerako, greba deitzeko aukera baztertu dute, bihar enpresa batzordeak berretsi beharko duen beste aukera bat mahaigaineratuz: datorren astean hiru greba egun gehiago antolatzea, uztailaren 6an (dagoeneko deituta dago), 7an eta 8an, hau da, asteazkenetik ostiralera.
Oraingoz, honela geldituko litzateke hurrengo lanuzteen agenda:
- Ostegun honetan, ekainaren 30ean —dagoeneko adostuta zegoena—, Arabako Metalaren sektoreko grebarekin bat eginez: 05:15etik aurrera piketeetan, 11:30ean Bilbo plazatik abiatuko den manifestazioan, eta arratsalderako mobilizazio propioa 18:30ean Probintzia plazatik.
- Hurrengo asteazkenean, uztailaren 6an: 10:30ean martxa bat egingo dute Mercedeseko lantegiaren inguruan, eta 18:00etan manifestazioa Bilbo plazatik. Egun horretan, Iñigo Urkullu lehendakaria Sttugartera (Alemania) bidaiatuko du, Mercedes-Benz konpainiako CEOarekin biltzeko.
- Datorren asteko ostegunean eta ostiralean, uztailaren 7an eta 8an: bi greba egun horiek gaurko langileen asanbladak proposatu ditu; enpresa batzordea bihar, ostegunean, bilduko da horren gainean erabaki bateratu bat hartzeko.
Hitzarmen berriaren negoziazioa
Tentsioak eztanda egin du azken asteetan Mercedeseko hitzarmen berriaren negoziazioetan. Izan ere, multinazionalak 1.200 milioi eurotik gorako inbertsioa iragarri du Gasteizko lantegian, akordiorik lortu ezean inbertsioa bertan behera gelditu litekeela esanez.
Zuzendaritza eta sindikatuen arteko azken bilera ekainaren 17an, akordiorik gabe eta negoziatzeko data berririk gabe. Izan ere, zuzendaritzak sindikatuei jakinarazi zien ez duela bilera gehiago deituko lanuzteak mahai gainean dauden bitartean. Datozen egunetan ikusiko da enpresa mugitzen den ala ez. EAEko eta Arabako erakundeen babesa duen arren, langileen grebarekiko atxikimendu masiboak pilota bere teilatuan utzi duelako.