Aitor Brazal

"Auzoan bizitzeko ditugun trabak agerian utzi nahi ditugu"

Anakoz Amenabar 2022ko eka. 23a, 06:00

Judimendiko gazte asanbladako kidea da Aitor Brazal. / Alea

Ikasturte hasieran 'Gure bizitzak proiektatu, Judimendin emantzipatu!' dinamika aurkeztu zuten, eta ekainaren 25ean, Judimendiko jaiekin batera, etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioa egingo dute.

Judimendiko gazteek auzoan emantzipatu eta bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatuko dute larunbatean, hilaren 25ean, deitu duten manifestazioan. Auzoko jaien barruan, bertan bizitzea "ezinezkoa" dela gogoratuko dute, alokairu eta etxebizitzen prezioei aurre egin ezinik, eta irtenbidea bilatzeko "neurriak" eskatuko dituzte. 18:30ean abiatuko da, Judimendi eskolatik.

'Auzoan bizi nahi dugu' izango du lelo manifestazioak.

Auzoan bizi nahi dugu, hori aldarrikatu nahi dugu, eta horretarako gazteok ditugun trabak agerian utzi nahi ditugu. Urtean zehar prestatutako plangintza bati itxiera bat emateko modua ere izango da larunbatean egingo dugun manifestazioa. 

Nolako lanketa izan da?

Aspaldikoa da arazo hau auzoan, eta beste urte batzuetan egindako lanaren ondorio ere bada guk egin dugun analisia. Datu bilketa bat abiatu genuen auzoko egoera zein den jakiteko, gazteek nolako aukerak dituzten ikusteko,  tartean alokairuaren batez besteko prezioa aztertuta. Ikusi dugu Judimendi auzoa zaharkituta dagoela, eta gero eta gehiago ari dela zaharkitzen. Nahiz eta jende gaztea ikusten den, beharbada auzo bizitza badagoelako, batez ere jende heldua bizi da bertan. Eta etxebizitza bat eskuratzeari dagokionez, ez dago aukerarik, beste auzo batzuetara ari da aldatzen jendea, periferiara batik bat. Guk belaunaldi aldaketa bat beharrezkoa dela aldarrikatzen dugu, auzoa zaharkitu ez dadin. Gaur egun gazteok ditugun diru sarrerak ikusita, alokairuen prezioak ez dira bideragarri, ezinezkoa da  horiek ordaintzea. Halakoak erregulatu behar direla uste dugu, eta espekulazioari aurre egin.    

Nolako ondorioak utzi ditu azterketa horrek?

Gasteizko Udalak kaleratu zituen txosten batzuk izan dira gure lanerako abiapuntua. Horietan auzoz auzo alokairuaren batez bestekoa zehazten zuten, eta gurean 800 euro ingurukoa dela jasotzen zen. Agertzen diren hainbat datu guztiz errealak ez direla ikusi dugu; besteak beste, etxebizitza hutsen ingurukoa; badakigu, esate baterako, zenbait etxe hutsik dauden edo ez jakiteko zailtasunak daudela. Judimendin etxe huts ugari dago, oso egoera txarrean horietako asko, eta administrazioaren edo jabeen partetik ere laguntza beharko litzateke horiek eraberritzeko. Edadeko lagun ugari bizi da etxe horietan, asko zaharkitutako pisuetan eta igogailurik gabe. Etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatu behar dela uste dugu.

"Judimendin etxe ugari daude hutsik, zaharkituta, eta neurriak jartzea ezinbestekoa da"

Zer pauso emango du lantaldeak aurrerantzean?

Arazo honi aurre egiteko politika eraginkorrak egin daitezen aldarrikatzen jarraituko dugu. Udalaren aldetik badago asmoa gizarte etxe ondoko orubean hainbat etxebizitza eraikitzeko, baina etxebizitza horiek ez dira aterabidea izango arazo honentzat. Etxe pribatuak izango dira, eta, beste behin ere, hainbat lagun horretarako sarbiderik gabe utziko dituen erabaki klasista bat baino ez da, enpresa pribatuen zerbitzura egindakoak. Hurrengo hilabeteetan egingo den proiektu honen aurka agertu gara, eta hor jarraituko dugu, etxebizitza alokairu duin bat eta sarbide duin bat aldarrikatzen.

Nor da egoera honen guztiaren erantzulea?

Ez dago erantzule bat bakarrik. Funts putreek, noski, nahiko ardura dute hemen, baina ez gaitu harritzen, badakigu interes pribatuei men egiten dietela, etekinak bilatzen dituztela. Administrazioen aldetik, aldiz, ezin dira halako ekintzak onartu, eskumenak egon badaude halakoak erregulatzeko, baina askotan administrazioa bera da halako tratuekin negozioa egiten saiatzen dena, banketxeekin eta funts putreekin aliantzak eginez. Salburuko etxebizitza batzuetan ikusi genuen hori bere garaian, Suediako funts putreei etxeak salduta. Jabeek ere askotan traba asko jartzen dituzte, eta alokairuarekin negozioa egiten saiatzen dira, bakoitzak nahi duena egiten du. Hainbatek dute erantzukizuna hemen, ez batek bakarrik, eta inork ez du alternatiba bat eskaintzen auzoan emantzipatzeko eskubidea bermatzeko.

Okupazioa aukera bat izan daiteke? Baloratu duzue?

Bizi dugun egoera honen aurrean, alternatiba guztiak legitimoak direla uste dugu, eta bakoitzak ikusiko du zein den bere egoera bat edo beste aukeratzeko. Alternatibarik eskaintzen ez den bitartean, aukera bat izan daiteke okupazioarena. Gazteei etxebizitza ukatzen zaien bitartean, beste biderik ikusten ez den bitartean, okupazioa sustatzea edo etxe komunitateak sortzea, adibidez, bidea izan daiteke. Judimendiko "Juani" etxea izan da adibide, martxoan desalojatu zutena;  halako etxe ugari hainbat urte daramate hutsik, zaharkituta, eta ez du inork ardura hori bere gain hartzen. Bere momentuan gogor salatu genuen, eta uste dugu hainbeste egonda neurriak jartzea ezinbestekoa dela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago