Gure bizitzak proiektatu, Judimendin emantzipatu! kanpaina aurkeztu berri du Judimendiko Gazte Asanbladak, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko asmoz: "Gai honen inguruko dinamika asko antolatu izan dira urteotan asanbladan. Baina, urteak joan ahala, berdin jarraitzen dugu: gazteok emantzipatu nahi eta ezin!", ohartarazi dute. Gainera, egoera "okerrera" doala uste dute.
Horregatik, ikasturte hasieran inkestak egiteari ekin zioten, auzoko "gazteen ahotsa entzuteko" helburuarekin. Inkesta horien emaitzetatik ateratako ondorio nagusia argia da: 18 eta 30 urteko auzoko gazteen artean, %76 gurasoekin bizi da, eta ehuneko horretatik %75ak emantzipatu nahiko luke, aukera izatekotan.
Azken urteetan etxebizitzaren prezioak izandako bilakaerari erreparatuz, auzoan 130 euro inguru igo dela ohartarazi dute: "Lehen alokairuak 594 euroko prezioa zeukan; egun, batez besteko prezioa 722,50 eurokoa da. Eta zer esanik ez salmentarena: 199.321 eurokoa izanik".
"Etengabeko igoera horrekin nola izango da posible gure bizi proiektuak gurasoen etxetik kanpo garatzea?", galdegin dute. Auzoko gazteen artean bildutako datuen arabera, gurasoekin bizi diren horien %93ak ezin dio aurre egin alokairuari: "Gazteok emantzipatzeko zailtasuna agerikoa da; eta emantzipatuta daudenek, berriz, aurrezteko zailtasunak dituzte".
300 etxebizitza huts
Testuinguru horretan, salatu dute Judimendin dauden 3.059 etxebizitzetatik %10,6 hutsik daudela; hau da, 300 baino gehiago, gutxienez.
Horrekin batera, auzoa "zaharkituta" dagoela diote, biztanleriaren batez besteko adina 50 urtetik gorakoa delako. "Urteak pasa ahala auzoak egoera berdinean jarraitzen du: batez besteko adin tartea gora eta etxe bizitzen okupazio tasa behera. Gutxi izango balitz, banketxeak eta higiezinen agentziak egoera horrekin etekina ateratzen duten errudunetako batzuk dira".
"Auzoan bizitzeko ezintasuna"
"Sarritan entzun ohi dugu gazteok ez dugula gurasoen etxetik alde egin nahi, baita lana topatzeko zailtasunak eta gogo ezak ditugula, beti gure bizkar gainean presioa jarriz. Baina nola emantzipatuko gara behin behineko lan kontratuak, soldata eskasak, bizi proiektua aurrera eramateko ezintasuna... baditugu?", kritikatu dute. "Bizitzaren prezioa gora doa, argindarraren prezioa, urarena, etxebizitzarena... bizitzarako beharrezkoak diren materialen prezioak gora, eta gure soldatak, berriz, behera. Noiz hartuko dira benetako neurriak instituzioetan etxebizitzaren prezioa erregulatzeko?".
"Prezio ordainezinak, etxebizitzen egoera kaxkarrak eta auzo berrien hedapenak gazteok auzoan bizitzeko daukagun ezintasunean eragiten du. Gure bizitzak politikariengandik eta helduengandik baldintzatuta ikusten ditugu, bizitza duin bat aurrera eramateko zailtasunekin", azaldu dute.
Horren aurrean, "auzoko gazteok gure bizi proiektuak auzoan garatzeko hautua hartuta", etxebizitzaren problematika salatzeko kanpaina berria aurkeztu dute.