Judimendiko jaiak hemen daude, ohiko formatua, txosnak eta kontzertuak berreskuratuz

Erredakzioa 2022ko eka. 23a, 13:20

Judimendiko momotxorroen kalejira, 2020ko jaietan. / Argazkia: JUDIMENDIKO JAI BATZORDEA

Judimendiko jaietako aurtengo egitaraua ekainaren 17tik 26ra arte luzatuko da, askotariko jarduerekin. Ostegunetik larunbatera, txosnak itzuliko dira Sefarad plazara, Akerbeltz, Kilimak, Ginger, Grima, Apolo Gs, Iheskide, Nikotina eta Herdoil taldeen kontzertuekin.

Bi urteko geldialdi pandemikoaren ostean, indarberrituta datoz bueltan Gasteizko auzoetako jaiak. Joan den asteburuan Aranako jaiak ospatu ondoren, aste honetan abian dira Txagoko jaiak, eta datozen asteetan bata bestearen atzean iritsiko dira, abuztura arte ia etenik gabe.

Dagoeneko martxan dira Judimendiko jaiak, ekainaren 23tik 26ra bitartean. Hala ere, egitaraua hilaren 17an hasiko da, adin guztietako publikoarentzako jarduerekin: ibilbide kulturalak, koreografiak, txapelketak, taloak, txarangak, artisau azoka, kalejirak, manifestazioak, pintxo-potea, antzerki ibiltaria, monologoak, dantza plaza...

Ostiraletik igandera, gainera, kontzertuak eta txosnak itzuliko dira Sefarad plazara, baina jai giroa ez da soilik gauera mugatuko, eta ume, gazte zein nagusiek eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango dute.

Ostegunean, San Juan gauean, txupinazoaren ostean eta ohiko momotxorro eta suaren piztearekin batera, Akerbeltz taldearen erromeriak girotuko du gaua. Ostiralean, oholtza gainean izango dira Lokatz Hi-fi soinu sistema eta Kilimak, Apolo Gs eta Iheskide taldeak. Larunbatean, Gazte Egunean, gazte bazkaria, manifestazioa eta Grima, Ginger, Herdoil eta Nikotina taldeen kontzertuak izango dira, beste hitzordu askoren artean. Azkenik, igandean ere egun osoko egitaraua antolatu dute.

"Azken bi urte hauetan gure jarduna pandemiak mugatu izan duen arren, aurtengo apustua hasieratik betiko jaietara bueltatzea zen, kaleak berrartzea eta txosnak errekuperatzea", azaldu dute auzoko jai batzordeko kideek. Horregatik, hainbat hilabete daramatzate jaiak antolatzen eta bilera irekiak egiten auzoko eragile eta norbanakoekin.

Erasoen aurkako protokoloa

Auzoetako jaietan eraso matxistei planto lelopean, eraso matxisten aurkako protokolo berezia jarri dute martxan Txagorritxu, Judimendi eta Adurtza auzoetako jai batzordeek, Gasteizko Mugimendu Feministarekin elkarlanean. Besteak beste, sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute "txartel moreen" bitartez, jai gunean puntu moreak prestatuko dituzte erasoei aurre egiteko, erasoak salatzeko 747 41 48 43 telefono zenbakia aktibatuko da, eta txosnagunean zapi morez identifikatuko dituzte txosnaguneko ardura feministak.

"Ez da jarrera matxista, LGTBI+fobo, arrazista eta faxistarik onartuko", ohartarazi dute. "Bi urteren ostean berriz ere gure jai guneak, ohiturak, borrokak, aldarriak, disfrutea… berreskuratuko ditugu. Ezin dira aipatu gabe gelditu tarte horretan gorakada izan duten eraso matxista zein LGTBI+ fobikoak".

Manifestazioa

Larunbatean, hilaren 25ean, Auzoan bizi nahi dugu lelopean eta otsailean aurkeztutako kanpainaren barruan, etxebizitza eskubidearen eta auzoan bizitzeko eskubidearen aldeko gazte manifestazioa egingo dute, 18:30ean Judimendi eskolatik abiatuta. "Etxebizitza eskubidea delako, gure bizi proiektuak osotasunean eta ahalik eta modu duinenean garatu nahi ditugulako, Judimendi maite dugulako eta bertan bizi nahi dugulako", aldarrikatu du Judimendiko Gazte Asanbladak.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago