Osakidetzako langileen %60 inguruk bat egin du bigarren greba egunarekin

Erredakzioa 2022ko ots. 28a, 18:00

Ehunka lagun bildu dira manifestazioan, Santiagotik Lehendakaritzaraino. / Argazkia: LAB

Greba deialdiaren bigarren egunak %60 inguruko jarraipena izan du, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arabera; Osakidetzaren arabera, berriz, %8,13koa. Osasun sare publikoaren "egoera larria" konpontzea exijitu dute, besteak beste, langile gehiago kontratatuz.

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak bi greba egun deitu ditu otsailean, Osakidetzaren "egoera larria" eta osasun zentroetako "egoera jasanezina" salatzeko. Batez ere, langile gehiago kontratatzea exijitu dute, "langile faltarekin lotutako arazo larriak" direla eta. Gainera, "pandemiaren aitzakiapean abiatutako murrizketa, desegite, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikak" gelditzea eskatuko diote Osasun Sailari.

Joan den ostiralean, otsailaren 25ean, lehen arretan izan zen greba, %70tik gorako jarraipenarekin. Gaur, hilaren 28an, Osakidetza osoara hedatu da greba deialdia, eta langileek eta pentsiodunek manifestazio zaratatsua egingo dute ere, 12:00etan Santiago ospitaletik Lehendakaritzaraino. "Lotsagarria da egoerak hala eskatzen zuenean sakrifizio handiak egin ostean prekarietatean sakontzea", salatu dute sindikatuetako bozeramaileek manifestazioaren amaieran, pandemia hasi zela bi urte bete diren honetan.

Bigarren greba egunaren jarraipena %60 ingurukoa izan da, sindikatuen arabera; Osakidetzaren arabera, berriz, %8,13koa izan da, zerbitzu minimoetan lan egin behar izan duten langileak ere kontuan hartzen dituelako.

Nolanahi ere, lanuzteak analitikak, proba osagarriak, programatutako kirurgiak eta kontsulta ugari bertan behera utzi ditu, baina osasun zerbitzu gehienek normaltasunez mantendu dira; sindikatuek "gehiegizko zerbitzu minimoak" ezarri eta langile askoren "greba eskubidea urratu" izana leporatu diote Osakidetzako zuzendaritzari.

Bi deialdien artean, larunbatean, hilaren 26an, manifestazioak egin zituzten Gasteizen —12:00etan Plaza berritik abiatuta—, Bilbon eta Donostian.

Pentsiodunen mugimenduak ere bat egin du mobilizazioekin. / Argazkia: LAB

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago