Ehunka lagun Gasteizen, Osakidetzaren egoerarentzako "konponbidea" eskatzeko

Erredakzioa 2022ko ots. 28a, 08:00

Osakidetzaren "egoera larria" salatzeko eta langile gehiago kontratatzea exijitzeko manifestazio jendetsuak egin zituzten larunbatean Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Ostiralean lehen arretan egindako greba Osakidetza osora hedatuko da gaur.

Gehiengo sindikalak bi greba egun deitu ditu otsailean: joan den ostiralean, otsailaren 25ean, lehen arretan; eta gaur, hilaren 28an, Osakidetza osoan —manifestazio zaratatsua egingo dute ere, 12:00etan Santiago ospitaletik—. Bi deialdi horien artean, larunbatean, hilaren 26an, manifestazioak egin dituzte Gasteizen —12:00etan Plaza berritik abiatuta—, Bilbon eta Donostian.

Osakidetzaren "egoera larria"

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetzaren "egoera larria" eta osasun zentroetako "egoera jasanezina" salatu dute. Batez ere, langile gehiago kontratatzea exijitu dute, "langile faltarekin lotutako arazo larriak" direla eta. Gainera, "pandemiaren aitzakiapean abiatutako murrizketa, desegite, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikak" gelditzea eskatuko diote Osasun Sailari.

Beren eskaeren aurrean "immobilismoa eta konponbiderik eza" salatu dute sindikatuek, eta, beren esanetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak "edukiz hustu" du mahai sektoriala: "Ez da ezer negoziatzen ari, eta, negoziazio erreal bat planteatu arte, ez dugu berriro bertan parte hartuko", ohartarazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago