Gehiengo sindikalak bi greba egun deitu ditu egunotarako: otsailaren 25ean lehen arretan eta 28an Osakidetza osoan —manifestazio zaratatsua egingo dute ere, 12:00etan Santiago ospitaletik—. Gainera, hilaren 26an manifestazioak deitu dituzte Gasteizen —12:00etan Plaza berritik abiatuta—, Bilbon eta Donostian. Mobilizazio ziklo horren lehen hitzordua gaur izan dute Osakidetzako lehen arretako langileek.
Sindikatuek eguerdian plazaratu duten balorazio-oharraren arabera, gaurko grebak "azken hamarkadako jarraipenik handiena" izan du: "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak izan arren", zentro askotan eta hainbat kategoriatan jarraipena %100ekoa izan dela azpimarratu dute, eta zentro batzuek itxi ere egin behar izan dute. "Guztra, jarraipena %70tik gorakoa dela esan dezakegu", jakinarazi dute sindikatuek.
Osakidetzaren arabera, berriz, greba deialdiaren eragina %29,6koa izan da Osakidetzako Lehen Arretako sarean, goizeko txandan; Araban, %20,37koa. Lan-kategoriei dagokienez, honako jarraipena zenbatu du Osakidetzak: sendagileak %33, erizainak %25,98 eta gainerako osasun langileak %30,44.
Alabaina, Eusko Jaurlaritza eta Osakidetza "greba oztopatzen eta haren jarraipena minimizatzen" saiatu direla salatu dute sindikatuek, zerbitzu minimoen aginduak "kolektibo asko grebarako eskubiderik gabe" utzi dituelako. Gainera, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak datuak "manipulatzen" dituela salatu dute, eta "datu errealak" ematea exijitu diote: "Grebarekin bat egiteko aukera izan dutenen artean zenbat jendek egin duen adierazi beharrean, plantlla osoa hartzen du oinarritzat".
Hainbat osasun zentro itxita
Arabako hainbat osasun zentro erabat itxi ditu grebak: besteak beste, Dulantzikoa eta, Gasteizen, Gazalbide, Lakuabizkarra eta Salburua; azken horretan, medikuen %100k egin du greba. Lehen arretako reba deialdiaren jarraipen "masiboaz" gain, langile eta herritarren elkarretaratze jendetsuak egin dira osasun zentroen aurrean.
Osakidetzaren "egoera larria"
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetzaren "egoera larria" eta osasun zentroetako "egoera jasanezina" salatu dute. Batez ere, langile gehiago kontratatzea exijitu dute, "langile faltarekin lotutako arazo larriak" direla eta. Gainera, "pandemiaren aitzakiapean abiatutako murrizketa, desegite, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikak" gelditzea eskatuko diote Osasun Sailari.
Beren eskaeren aurrean "immobilismoa eta konponbiderik eza" salatu dute sindikatuek, eta, beren esanetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak "edukiz hustu" du mahai sektoriala: "Ez da ezer negoziatzen ari, eta, negoziazio erreal bat planteatu arte, ez dugu berriro bertan parte hartuko", ohartarazi dute.