Bi greba egun deitu dituzte Osakidetzan, otsailaren 25ean eta 28an

Erredakzioa 2022ko ots. 7a, 12:10

Urtarrilaren 23ko manifestazioa Gasteizen. / Argazkia: ELA

Gehiengo sindikalak bi greba egun deitu ditu hilabete honetarako: otsailaren 25ean lehen arretan eta 28an Osakidetza osoan. Gainera, hilaren 26an manifestazioak deitu dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

Osakidetzaren "egoera larria" salatzeko urtarrilaren 23an egindako mobilizazio jendetsuen ostean, EAEko osasun sistema publikoko gehiengo sindikalak —SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT— bi greba egun iragarri ditu otsailerako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: otsailaren 25ean lehen arretan deitu dute; hilaren 28an, berriz, Osakidetza osoan.

Izan ere, osasun zentroetan egoera "jasanezina" dela salatu dute sindikatuek, eta, batez ere, langile gehiago kontratatzea exijituko dute, "langile faltarekin lotutako arazo larriak" direla eta. Gainera, "pandemiaren aitzakiapean abiatutako murrizketa, desegite, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikak" gelditzea eskatuko diote Osasun Sailari.

Beren eskaeren aurrean "immobilismoa eta konponbiderik eza" salatu dute sindikatuek, eta, beren esanetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak "edukiz hustu" du mahai sektoriala: "Ez da ezer negoziatzen ari, eta, negoziazio erreal bat planteatu arte, ez dugu berriro bertan parte hartuko", ohartarazi dute.

Otsailaren 26ko eguerdian, bi greba deialdien artean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian manifestazioak egingo dituztela iragarri dute sindikatuek.

Bitartean, Gasteizko Santiago ospitaleko Larrialdien itxieraren aurka Osasun Publikoa Aurrera plataformak abiatutako sinadura bilketak 10.800 atxikimendu jaso ditu jada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago