Jarraipena

Zadorra ibaiaren gainezkatzeak urpean utzi du Araba: kalte larriak eta errepide ugari itxita

Erredakzioa 2021ko abe. 10a, 11:30

Uholdeek kalte ugari eragin dituzte Araba osoan zehar, Zadorra ibaiaren inguruan. / ALEA

Zadorra ibaiaren gainezkatzearen ondoriozko uholdeek Arabako hogei errepide baino gehiago moztu behar izatea eragin dute, bestelako eragozpenekin batera. Uholdeei aurre egiteko larrialdi plana aktibatuta dago.

Azken bi egunetan, elurrak eta prezipitazioek arazo ugari sortu dituzte lurralde osoan. Zadorra ibaiak gainezka egin ostean, Uribarri Ganboako urtegia bere edukieraren %94,43an dago jada —zazpi uhateetatik hiru daude irekita—, eta URA Uraren Euskal Agentziak ohartarazi du urtegiaren hustea "egun dezente" luzatuko dela oraindik.

Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak uholdeei aurre egiteko plana aktibatu dute, eta krisi mahaia eratu dute ostiral goizean, egoeraren jarraipena egiteko eta beharrezko neurriak hartzeko. Hala ere, Segurtasun Sailak 11:45ak aldera jakinarazi du prezipitazio handiengatik eta haizeagatik ezarritako abisu horiak amaitu direla.

Une honetan (ostiraleko 11:00etan), Arabako hogei errepide baino gehiago daude itxita, uholdeen ondorioz:

  • A-1 autobiderako sarbidea N-622 errepidetik (Gasteizko sarrera eta irteera). Forondako atetik zirkulazioa Gamarrarantz desbideratzen ari dira.
  • A-3012 (Ozaeta - Barrundia)
  • A-3020 (Araia - Asparrena)
  • A-3022 (Gebara eta Heredia artean - Barrundia)
  • A-3302 (Astegieta, Estarroa, Tresponde eta Billoda)
  • A-3310 (Mimbredo - Erriberagoitia)
  • A-3312 (Ribabellosa - Erriberabeitia)
  • A-3322 (Tuyo —Erriberagoitia— eta Argantzon —Trebiñu— artean)
  • A-3602 (Lopidana - Gasteiz)
  • A-4004 (Audikana - Barrundia)
  • A-4005 (Dallo - Barrundia)
  • A-4007 (Mezkia - Donemiliaga)
  • A-4010 (Amarita - Gasteiz)
  • A-4013 (Gebara - Barrundia)
  • A-4301 (Ihurre - Gasteiz)
  • A-4314 (Billoda - Iruña Oka)
  • A-4302 (Margarita - Gasteiz)
  • A-4356 (Andagoia - Kuartango)
  • A-4358 (Iruña-Veleiara sarbidea)
  • A-4359 (Tresponde - Iruña Oka)
  • A-627 (Landa - Arratzua-Ubarrundia), Gipuzkoan jazotako luiziagatik

Garraio publikoaren sareari dagokionez, Tuvisak ez du zerbitzurik L5 lineako Aztegietako geltokian, ezta L3 eta L9 lineetako Gamarrako plazako geltokian ere, urpean daudelako. Gainerako ibilbidea normaltasunez egiten ari da, baina goizean zehar 14. lineari ere eragin dio, Landaberden eta Forondako atean.

Egoera horren aurrean, ibilgailuak urpean geratzeko arriskua duten eremuetatik kentzea eta ibaiertzetatik urruntzea gomendatu dute agintariek. Bidaiatu behar izanez gero, aldez aurretik eguraldiaren berri izatea gomendatu dute, ahal dela errepide nagusietatik eta autobideetatik zirkulatzea, eta inoiz ez saiatzea urak hartutako eremuak zeharkatzen.

Intzidentziak eta irudiak

Horrez gain, Zadorra ibaiaren inguruan kalte ugari eragin dituzte uholdeek; gertakari askok Arabako zein Gasteizko suhiltzaileen esku-hartzea behar izan dute. Azken orduetako intzidentzia eta irudi garrantzitsuenak bildu ditugu ALEAn, besteak beste:

  • Billodan, uholdeak eramandako auto batean zihoazen bi gazte erreskatatu dituzte.
  • Aguraingo atarietan, hondar-zakuekin saiatu dira ur-goraldiari eusten.
  • Aztegietan, zenbait pertsona —gutxienez hamahiru— beraien etxeetatik atera behar izan dituzte, uholdeak direla eta; Udalaren baliabideetan ostatu eman diete.
  • Abetxukuko bizilagun batzuek beren etxebizitzak utzi dituzte, herria isolatuta dagoelako.
  • Gamarrako parkea itxita Zadorraren ur-goraldia dela eta.
  • Uholdeak Forondako aireportuko terminalera iritsi dira; suhiltzaileek instalazioak garbitu dituzte, ura xurgatzeko bonbekin eta gomazko eskuilekin. AENAk baieztatu du oraingoz aireportua martxan dagoela.
  • Arabako Mendialdean, Igoroin eta Ega ibaiek ere gainezka egin dute, elurraren desizotzearen eta azken orduetako prezipitazioen ondorioz. Une honetan, Arraia-Maeztuko igerilekuen instalazioak urpean daude, uholdeak direla eta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago