Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak premiazko agerraldia egin dute uholdeen egoeraren berri eman eta neurriak iragartzeko. "Gasteizek eta Bilbok urte osoan kontsumitzen dugun adina ur jaso dugu azken 12 egunetan", adierazi du Urtaranek.
Egoera zaila dela azaldu dute, urtegira ur gehiago sartzen baita bertatik atera daitekeena baino: "Ur asko sartzen ari da urtegira, eta, teorian, sartzen den ur kopuru bera kendu behar da". Une honetan urtegietan sartzen ari den uraren %15-20 husten ari dela esan du Ramiro Gonzalezek.
Iragarri duteenez, urtegiaren hustea areagotu egingo dute: "Uribarrin 60 m3/s husten ari dira, eta hustea 90m3/s-ra handituko da; Urrunagan, berriz, 15 m3/s-tik 45 m3/s-ra". Urtegiaren handitze horrek bereziki Mendibil, Arroiabe, Durana, Luku eta Amaritan eragina izango duela gogoratu dute. "Egoera zail batean gaude; 2003an bakarrik izan genituen antzeko datuak", gogoratu du ahaldun nagusiak. "Hustearekin batera, euriak ere baldintzatuko du aurrerantzean egoera".
Gasteizko alkateak zehaztu duenez, bestalde, 18-19 pertsona inguru atera behar izan dituzte Astegietatik. "Bizilagun guztiei eskaintzen zaie, baina batzuek ez dute etxetik alde egin nahi eta horretarako eskubidea dute. Hala ere, pertsona horien bilakaera gertutik jarraituko dugu ", azaldu du Urtaranek. Gainera, egoerak okerrera egiten badu kaltetuak hartzeko Zabalgana auzoko kiroldegia egokitu dutela iragarri du.
Prebentzio neurriak
Ildo beretik, prebentziorako eta prekauziorako deia egin dute, hustearen eraginez izan daitekeen egoera zailagatik. Besteak beste, eskola-kirola bertan behera uztea erabaki du Aldundiak asteburu honetan. "Eta ibaietatik, ubideetatil eta zubietatik urrundu egin behar da. Elektrizitatea deskonektatu, gasa itxi eta ahalik eta punturik altuenetara mugitu. Kaltetutako herrietan ez da autoz egin behar joan-etorririk, guztiz ezinbestekoa ez bada behintzat. Mendira edo aire zabalera joatea ere saihestu behar da".