Zeru estaliak egongo dira gaurkoan ere. Euskalmeten iragarpen ofizialaren arabera, "prezipitazio txiki-ertaina" iragartzen da, baina Twitter bidezko komunikazioetan euria barra-barra egingo duela zehaztu dute. Izan ere, alerta laranja ezarri dute, prezipitazio iraunkorragatik. Lurralde osoan arazo ugari sortzen ari dira azken orduetan.
Uribarri Ganboako urtegia edukieraren %86,15ean dago, eta uhate guztiak irekita daude. Gainezka egin ostean, Zadorra ibaiaren ur-maila 4,85 metrokoa da Abetxukun. Egoera horrek eragin ditu arazo handienak lurraldean eta Gasteizen: A-1 autobiderako sarbidea moztu du Arriagan, bigarren mailako hainbat errepide moztu behar izan dira. Beste eragozpen askoren artean, Iurre, Margarita, Trespondeko eta Billodako errepideak moztuta daude oraindik, eta Astegietan hainbat etxebizitza hustu behar izan dituzte.
Goizaldean elur-kota 500-600 metro inguruan egongo dela erantsi dute, baina arratsalderako dezente igoko delakoan dago meteorologia zerbitzua. Mendebaldeko haize ahul bizia ibiliko da. Araba iparraldean 24 orduan metro koadroko 40 litro baino gehiago pilatu daitezkeela ohartarazi dute; 20 litro, Arabako hegoaldearen kasuan. 3 eta 10 gradu arteko aldea iragarri dute zerbitzu publikoaren iragarpen batean, eta 2-6 bestean. Aukeran.
Alerta laranja bihar ere mantenduko dutela iragarri du Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak. Gainerakoan, zer hodeitsuak eta "prezipitazio txiki-ertaina", momentuz esku artean dugun parte ofizialaren arabera. Tenperaturak ere 8 eta 11 gradu artean, Gasteiz erreferentziatzat hartuta.
Uholdeetarako larrialdi plana
Zadorra ibaiak gainezka egin ostean sortutako uholdeak direla eta, Gasteizko Udalak larrialdi planaren 2. fasea aktibatu du. Horrek esan nahi du krisi mahaia eratuko dela, egoeraren jarraipena egiteko eta beharrezko neurriak hartzeko.
Egoera horren aurrean, ibilgailuak urpean geratzeko arriskua duten eremuetatik kentzea eta ibaiertzetatik urruntzea gomendatu dute agintariek. Bidaiatu behar izanez gero, aldez aurretik eguraldiaren berri izatea gomendatu dute, ahal dela errepide nagusietatik eta autobideetatik zirkulatzea, eta inoiz ez saiatzea urak hartutako eremuak zeharkatzen.