Suhiltzaileek familia bat erreskatatu dute Estarroan, uholdeek autoa eraman ostean

Erredakzioa 2021ko abe. 10a, 09:00

Familiako hiru kideek ibilgailua utzi dute, zuhaitz bati eusteko. / Argazkia: @BomberosAraba

Ostegun iluntzean, Arabako suhiltzaileek hiru pertsona —horien artean ume bat— erreskatatu behar izan dituzte Estarronan. Uholdeak kotxea eraman du, eta familiako kideak zuhaitz batera eutsi dira, arrastatuak ez izateko.

Elurteak, prezipitazioek, Uribarri Ganboako urtegiaren husteak eta Zadorra ibaiaren gainezkatzeak uholde larriak eragin dituzte Araban. Errepide asko itxita daude, eta larrialdi plana aktibatu ostean, suhiltzaileek hainbat tokitan jardun behar izan dute.

Kasu horietako bat Estarroan gertatu da, Astegietatik gertu: Larrialdi Zerbitzuek hiru pertsona erreskatatu behar izan dituzte. Autoa urez betetako eremu batera erori da, eta urak arrastatu du. Familiako hiru kideek ibilgailua utzi dute, zuhaitz bati eusteko. Azkenik, suhiltzaileak familia osoa erreskatatzera joan dira, eta bertaratutako larrialdi zerbitzuek guztiak ateratzea lortu dute. Erreskatatutako pertsonen artean neskato bat zegoen.

Suhiltzaileen esku-hartzeak

Nolanahi ere, Estarroako familiarena ez da Arabako eta Gasteizko suhiltzaileek azken orduetan egin behar izan duten esku-hartze bakarra: Billodan, uholdeak eramandako auto batean zihoazen bi gazte erreskatatu dituzte; Agurainen, atarietako ur-goraldiari eusten saiatu dira hondar-zakuekin; Astegietan, zenbait pertsona beraien etxeetatik atera behar izan dituzte, uholdeak direla eta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago