Azaroak 25

Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatu dituzte Arabako kaleetan

Erredakzioa 2021ko aza. 25a, 21:50

Gasteizko mugimendu feministaren manifestazioa. / ALEA

Mugimendu feministaren mobilizazioek Arabako kaleak eta plazak bete dituzte berriz ere, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Egunean, "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" eta "autodefentsa feminista" aldarrikatuz.

Emakumeen kontrako indarkeriaren datu kezkagarriek eta LGTBIfobiaren gorakadak markatutako urtea izan da 2021. 108 dira jada 2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistak hil dituen emakumeak; horietako bost aurten hil dituzte, tartean Erika Tavares, duela hilabete eskas. Nolanahi ere, egiturazko arazo baten adierazpen tragikoena diren hilketa matxista horietaz harago doa indarkeria matxista.

Egoera horren aurrean, azaroaren 25ean, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Egunean, mugimendu feministak, erakunde publikoek eta jendarte eragileek indarkeria matxistaren kontrako aldarriari eutsi diote Araban, urtero bezala eta mota guztietako ekimenekin.

Euskal Herriko mugimendu feministak, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! Autodefentsa feminista antolatu dezagun! lelopean, hiriburuetan deitutako mobilizazioez gain, herriz herriko hamaika hitzordu izan dira Araban. Herrialdeko mobilizazio nagusia, ohi bezala, Gasteizen izan da, eta 19:00etan abiatu da Iparralde gizarte etxetik.

Eguneko argazkiak, eskualdez eskualde

Indarkeria matxistaren aurkako aldarria Araba osoko plazetara iritsi da, eta era guztietako ekimenak izan dira lurraldean zehar: manifestazioak, kalejirak, elkarretaratzeak, eskulanak, kale dekorazioa... Lurralde osoko herriz herriko irudiak bildu ditugu ALEAn:

Irudi gehiago jaso ahala, argazki galeriak eguneratzen joango gara. Bidali zure herriko mobilizazioen irudiak erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora edo Whatsapp bidez (645 66 86 02 telefono zenbakira).

GASTEIZ

 

Argazkiak: Itaia Gasteiz

AIARALDEA

Albisteak, argazkiak eta bideoak: AIARALDEA.eus bidez

Argazkiak eta bideoa: AIARALDEA.eus - Izar Mendiguren Cosgaya, Txabi Alvarado Bañares, Aimar Gutierrez Bidarte, Aitor Aspuru Saez, Naiara Otaola, Allende Solaun, Asier Rubio, Samuel Pasandin, Maddi Isasi, Maddalen Muguruza, Jone Urruela, Ikama eta Otsemeak talde feminista.

AÑANA

ARABAKO ERRIOXA

Argazkiak: Arabako Errioxako Berdintasun Zerbitzua

GORBEIALDEA

Argazkiak: Maialen Urkiza

LAUTADA

Argazkiak: EH Bildu eta Oihana San Vicente (Twitter bidez)

MENDIALDEA

Argazkiak: Rebeka Gonzalez de Alaiza

Bizitzak erdigunean

Mugimendu feministak, "haserre eta amorratuta", Gasteizko ekitaldian gogorarazi du "egunerokotasunean, urtero bezala, aurten ere", hamaika direla emakumeek jasan behar izan dituzten erasoak: "Kaleetan, dantza lekuetan, tabernetan, eskoletan, lan guneetan, lonjetan, arreta zerbitzuetan, etxeetan… Noiz arte?", galdetu dute.

Gainera, "transfobia, transmisoginia, lesbofobia, plumofobia eta abar genero indarkeria direla" azpimarratu eta horri "autodefentsa eta antolakuntzaz" erantzungo diotela azpimarratu dute. Bide batez, ohar bat utzi diete "azkenaldian feminismoaren izenean zabaltzen ari diren irakurketa eta aldarrikapen transfoboei".

Bestalde, "sistema kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalaren" aurrean, hainbat gauza argi utzi nahi izan dituzte: besteak beste, faxismoaren, xenobofiaren eta arrazakeriaren aurkako memoria; feminismoaren "erabilera partidista edo merkantilistaren" aurkako jarrera irmoa; edo Udalaren "konplizitatea eta indarkeria instituzionala" Apasoseko sexu abusuen aurrean.

Horren aurrean, indarkeria matxistari aurre egiteko "dauden baliabideak indartzea eta oraindik falta direnak sortzea" exijitu dute, baita "justizia patriarkalarekin" eta "indarkeria ekonomikoarekin" amaitzea ere. Zentzu horretan, Hego Euskal Herriko emakumeen pentsioak gizonezkoenak baino %40 baxuagoak direla, emakume alargunen laurden batek 700 euro baino gutxiago kobratzen duela eta sektore feminizatuetan bizi den prekarietate ekonomikoaz ohartarazi dute.

"Agerikoa da emakume eta sexu-genero disidenteon bizitzak egunero kolpatzen dituen indarkeria anizkoitzekin amaitzeko ordua dela, eta ardura denona da. Eraldaketa gure esku dago, eta horretarako feminismoan kolektiboki borrokatzen jarraitu behar dugu. Antolakuntza feministaz boteretu gaitezen", adierazi dute ekitaldiaren amaieran.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago