Erika Tavares gogoan, indarkeria matxistaren aurka altxatu da Gasteiz

Erredakzioa 2021ko urr. 13a, 20:00

Mugimendu feministak deituta, milaka pertsona bildu dira Gasteizko kaleetan, Erika Tavaresen hilketa matxistaren kontrako manifestazioan. Bere bikotekideak hil zuen atzo Sansomendin, bere buruaz beste egin aurretik.

Astearte honetan, indarkeria matxistak beste emakume bat hil zuen. Ertzaintzak Erika Tavares eta bere senarraren gorpuak aurkitu zituen, beren bi semeekin —13 eta 17 urtekoak— partekatzen zuten etxebizitzan, Sansomendi auzoko Antonio Machado kalean. Semeetako batek aurkitu zituen gorpuak, eta horren berri eman zion Larrialdi Zerbitzuari.

37 urteko emakumea labankadaz hil eta gero, ustezko egileak —42 urtekoa— bere buruaz beste egin zuen. Bikotea banatzeko prozesuan murgilduta zegoen, eta, antza denez, testuinguru horretan gertatu da krimen matxista.

Ertzaintzako agenteak etxebizitzara sartu zirenean, korridorean topatu zute biktimaren gorpua; lepoa moztuta zeukan. Ustezko hiltzailea bizirik aurkitu zuten, baina labana bat zeukan bularrean sartuta; bertaratutako larrialdi zerbitzuak bere bizitza salbatzen saiatu ziren arren, handik gutxira hil egin zen.

Emakumearen aurkako Indarkeriaren Gasteizko Epaitegiak gidatutako ikerketa zabalik dago, hilketa matxista bat izan dela hipotesi nagusi gisa hartuta, gertatutakoa argitzen saiatzeko.

Mobilizazioak

Euskal Herriko mugimendu feministak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatu du eta, beraz, datozen egunetan hilketa matxista salatzeko mobilizazioak izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean: urriaren 13an, asteazkenean, 19:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Amurrioko plazan; eta urriaren 14an, ostegunean, Bilbon (19:00etan Arriaga plazan), Donostian (19:00etan Bulebarrean) eta Iruñean (20:00etan Udaletxe plazan).

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta udal taldeek beren gaitzespena adierazi dute. Gasteizko Udalak hamabost minutuko elkarretaratze bateratua egin du asteazkenean, 12:00etan Plaza Berrian, Gasteiz: eraso matxisten aurka! lelopean. Bertan izan dira, besteak beste, Beatriz Artolazabal Lakuako Gobernuko Berdintasun sailburua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. Gainera, Udaleko Bozeramaileen Batzordea goizean bildu da, eta hilketa matxista salatzeko erakunde adierazpena adostu du.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago