Azaroak 25

Erakundeak eta mugimendu feminista, aurrez aurre "indarkeria instituzionalaren" ondorioz

Erredakzioa 2021ko aza. 25a, 12:30

Goian, erakundeen elkarretaratzea; behean, mugimendu feministaren protesta.

Aldundiak eta Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bateratua egin dute goizean, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Egunean. Mugimendu feministak protesta egin du bertan, "indarkeria instituzionala" salatzeko.

Azaroak 25 ditu gaur, eta Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Eguna dugu. Urtero bezala, mugimendu feministaren mobilizazioak arratsaldeko protagonistak diren bitartean —Gasteizkoa 19:00etan abiatuko da Iparralde gizarte etxetik—, goizean zehar erakundeen adierazpenak eta elkarretaratzeak dira nagusi. Aurten ere, 12:00etan, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren elkarretaratzea egin dute Probintzia plazan.

Goizean, adierazpen instituzional bat onartu du Gasteizko Udalak, emakumeen eta beren seme-alaben aurkako indarkeria "larderiarako tresna indartsua" dela salatuz, "indarrean dauden genero arauak desafiatu eta eralda ez daitezen"; horrekin batera, indarkeria bikarioaz ohartarazi dute erakundeek, eta horren aurkako neurri gehiago eskatu dituzte. "Ez dira gertakari isolatuak; egiturazko desberdintasun egoera bati erantzuten diote, eta egoera horri ikuspegi feministatik heldu behar zaio", aldarrikatu dute.

Ondoren, eguerdian, Aldundiko, Batzar Nagusietako eta Gasteizko Udaleko kideek isiltasuna gorde dute elkarretaratze bateratu batean.

"Indarkeria instituzionala"

Elkarretaratze instituzionalaren amaieran, Gasteizko mugimendu feministako hainbat kide iritsi dira, txilibituen soinu eta oihuen artean. Protestaren helburua "indarkeria instituzionala" salatzea izan da; izan ere, Apasos auzian indarkeria matxistaren "konplize" izatea leporatu diote egunotan Urtaranen gobernuari.

"Ez du balio azaroaren 25ero txapa moreak janzteak, udal gobernuko kideek ia ziur egingo duten bezala, gero urtean zehar etxe barruan indarkeria onartzen eta iraunarazten bada. Berriro ez errepikatzeko exijitzen dugu, eta egoeraren erantzuleak zeintzuk diren adierazi dezan, zazpi boluntario horiek pairatutako biolentzia benetan erreparatua izan dadin", adierazi zuten astelehenean mugimendu feministak eta Apasos elkarteak, ohar bateratuan.

Izan ere, une honetan, Iñaki Gurtubai alkateordea eta hiru langile daude ikerketapean, udal txakurtegian jazotako sexu abusuen harira.

Apasos elkartearen eta mugimendu feministaren salaketa bateratu horren aurrean, Gorka Urtaran alkateak elkarrizketa bat eskaini du aste honetan Radio Vitoria irratian, abusatzailea txakurtegitik "berehala" baztertu zutela ziurtatuz. Mugimendu feministak sare sozialetan gezurtatu egin du baieztapen hori: "Lehenengo neurria boluntarioek Armentiara joateari utz ziezaioten saiatzea izan zen. Fokua gugan jartzea nahikoa dela salatzen duenean, horri buruz ari gara", kritikatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago