Begi hutsez, emakumeok geroz eta indarkeria gutxiago pairatzen dugula pentsa genezake, baina albisteak irakurrita, bizi dugun testuingurua bestelakoa dela argi dago: krisi kapitalistan bizitzako esparru guztietan biolentziaren gorakada nabarmena eman dela —pandemiaren aitzakiapean ezarritako neurri murriztaileak, presentzia polizialaren areagotzea, bizitzaren garestitzea...—, eta emakume langileon kontrako indarkeria matxistak gora egin duela ikus dezakegu.
"Esparru guztietan biolentziaren gorakada nabarmena eman da, eta emakume langileon kontrako indarkeria matxistak gora egin du"
Aurten, gutxienez 57 izan dira salatutako erasoak Gasteizen, azkenetako bat 8 urteko neska batek pairatutako eraso sexuala. Bestalde, bost izan dira aurten Euskal Herrian eraildako emakumeak, horietako bat gure hiriburuan.
Zenbakiek gora egiteaz gain, biolentziaren tendentzia konplexuagoek ere garrantzia hartu dutela behatu daiteke, modu honetan indarkeriaren forma berriak garatu direlarik. Adibidez, berebizikoa bihurtu da nagusiki gazteoi eragiten digun sare sozialen bitartezko jazarpen sexuala, non emakume proletarioak plazerrerako bitarteko izaerara murrizteko ondorio larriak dituen. Modu anonimoan beste bati irainak idaztea, gorputzaren inguruan mespretxuzko komentarioak egitea, zure bikotekideari idazten dizkioten mezuak kontrolatu ahal izatea, modu erraz batean eduki sexualeko materiala aurkitu ahal izatea... gure inguruan egunero ikusi ahal ditugun ohiko fenomenoak bihurtu dira.
"Zentzu komuna gero eta feministagoa den garai honetan, aurrerapausoak ematen ari al gara arazoa gainditzeko?"
Arazo horiei eta indarkeria matxistari aurre egiteko helburuarekin, batez ere azaroaren 25ren testuinguruan, hainbat diskurtso eta proposamen politiko kalera aterako dira. Egun hauetan hainbat eragilek instituzioen eraldaketa proposamenak, politika feministen inplantazioa zein prozesu pedagogiko eraldatzaileak aldarrikatuko dituzte. Dena den, neurri horien eraginkoratasun eza ikusita, galdera batzuk datozkigu burura: proposamen horiek ba al dute indarkeria gainditzeko gaitasunik? Zentzu komuna gero eta feministagoa den garai honetan, aurrerapausoak ematen ari al gara arazoa gainditzeko?
Kultura progresistak, klase gizartea gainditzeko helbururik ez duenez, emakume burgesen ahalduntzea bermatzen du, eta emakume langileon kontrako biolentzia areagotzen den bitartean, horren normalizazioari bide ematen diola argi ikusten dugu.
Horregatik, emakume langilea subjektu azpiratu gisa moldeatzen duen errealitatea zalantzan jartzen ez duten proposamen politikoak indarkeriaren kudeaketan erortzen ari dira, errealitate zital hau desagerrarazteko gaitasun errealik gabe.
"Emakume langilea subjektu azpiratu gisa moldeatzen duen errealitatea zalantzan jartzen ez duten proposamen politikoak indarkeriaren kudeaketan erortzen ari dira"
Horregatik guztiagatik, emakume langileok pairatzen ditugun eraso zein gutxiespen guztiak gainditzera bidean, emakume langileok subjektu azpiratu bezala sozializatuak garen egitura sozial kapitalista gainditu behar dugula uste dugu; sozialismoa eraiki behar dugu, zapalkuntza guztiak gainditzeko baldintzak jarriko dituen gizarte eredua delako. Modu berean, emakume langileon babeserako mekanismoak garatzen hasi behar garela deritzogu, betiere norabide horretan kokatuz.
Ez dira garaiak emakume langilea umezurtz uzten duten aldarriak elikatzen jarraitzeko, norabide estrategiko egokiak hautatu eta hauen baitan lan egitea dagokigu. Gasteizko Itaiatik, azaroaren 25ari begirako mobilizazioa antolatu dugu, 18:30ean Andre Maria Zuriaren plazatik hasita, sozialismoaren eraikuntzaren aldarriak kalea har dezan.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.