Bederatzi hilabete igaro dira aurtengo otsailaren 2an Espainiako Auzitegi Nazionalak epaia eman zuenetik. Urtarrilaren 21ean eta 22an Auzitegi Nazionalean egindako epaiketaren ostean, epaileak frogatutzat eman zuen Aitor Zelaia gasteiztarrak eta Galder Barbado amurrioarrak "armak eta munizioak gorde" zituztela, 2018an Duran (Arratzua-Ubarrundia) Ertzaintzak aurkitutako bidoi baten harira. Epaiaren arabera, akusatuen "lau hatz marka eta aztarna biologiko bat" aurkitu ziren bertan.
Ondorioz, bi gazte arabarrei lau urteko espetxe zigorra —Fiskaltzak zortzi urteko espetxe eskaerari eutsi zion arren—, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien salbuespenezko epaitegiak. Abokatuek helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, absoluzioa eskatuz; orain, ia hamar hilabete beranduago, iristear da bi gazteen espetxeratzea ekar lezakeen behin betiko epaia.
Hiru batzar ireki
"Auzitegi Gorenak edozein unetan erabaki dezake Aitor eta Galder espetxera bidaltzea", salatu du bi gazteen askatasunaren aldeko ANkerkeriari Stop dinamikak.
Egoera salatzeko, kasua berriro jendarteratzeko eta "elkartasun sareak indartzeko" asmoz, elkartasun dinamikak bere burua aktibatu du berriz ere, eta hiru batzar ireki deitu ditu: azaroaren 24an, asteazken honetan, Agurainen —udaletxean— eta Amurrion —Kultur Etxean—; eta azaroaren 29an, datorren astelehenean, Gasteizen —Judimendikoak Auzo Elkartean—; hiru asanbladak 19:00etan izango dira.
Bi arabarrei "elkartasuna eta babesa" adierazi nahi die plataformak, "prozesu bidegabe hau abiatu zenean egin bezala: krudelkeria egoera, bai jazarpen politiko-polizialagatik, bai Auzitegi Nazionalaren salbuespenezko epaiketagatik". Izan ere, ohartarazi dutenez, azken hilabete hauetan "bizitza normala egin ezin izanaren kondena gehitua" izan dute Zelaiak eta Barbadok.