Ertzaintzak 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen Zelaia eta Barbado, Duran aurkitutako eta material piroteknikoa gordetzen zuen bidoi baten harira —ustezko «zulo» bat—. Hainbat hilabete espetxean igaro ondoren, abuztuan baldintzapean aske gelditu ziren, urtarrilaren 21ean eta 22an epaiketa iritsi den arte.
Bi egun Madrilen. Bi saioko epaiketa Auzitegi Nazionalean. Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak zortzi urteko espetxe zigor eskaerarekin joan ziren epaiketara, eta eskaera berberarekin itzuli dira etxera.
Altsasuko gazteen auzian aritutako Jose Perals fiskalak eskaera berretsi du bientzat, «helburu terroristekin armak eta lehergaiak gordetzea» egotzita: zortzi urteko espetxe zigorra, zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eta hamabost urteko gaitasungabetzea. Orain, epaia Angela Murillo epaile ezagunaren esku geratu da.
Bestalde, akusazioak ukatzeaz gain, bi gazte arabarren defentsaren ondorio nagusia izan da egozten zaizkien delituetan ezin dela «helburu terroristarik izan, erakunde terroristarik ez badago». Gainera, Ertzaintzaren lekukoek epaiketan onartu dutenez, ez zaie inolako ekintza zehatzik leporatzen, ustez material piroteknikoa gordetzeaz gain.
Ondorioz, defentsaren abokatuek absoluzioa eskatu dute.
Durako bidoia, ustezko «zulo» bat
Ertzaintzaren agenteek Duran topatutako materiala —lanerako materiala eta material piroteknikoa— «kale borrokarako materiala» dela ziurtatu dute, Zelaia eta Barbado Agurainen, Abetxukun eta Igorren 2014 eta 2015 urteetan Kutxabankeko bulegoen aurka egindako sabotai batzuekin lotuz. Amaia Izko abokatuak gogorarazi duenez, orduan, EH Bilduk sabotaje haiek arbuiatu zituen.
Halaber, ertzainek hainbat gauza onartu dituzte epaiketan: aurkitutako bidoiaren edukia «legez eros daiteke»; «ez dago egiaztatuta» materiala lehergailuak edo sabotaiak egiteko erabili zenik; eta, azkenik, Barbadoren etxean topatutako materialak «ez du loturarik» Durako bidoiarekin.
«Ezker abertzalearen estrategiarekin bat»
Ostegunean deklaratu zuten Barbadok eta Zelaiak, epaiketaren lehen saioan. Bertan, «ezker abertzalearen estrategiarekin guztiz bat» datozela adierazi zuten. Defentsako abokatuaren galderei erantzunez, «indarkeria gaitzetsi» eta «bide baketsu eta politikoen alde» egiten dutela berretsi zuten. Horrekin batera, Duran aurkitutako zuloarekin inolako harremana dutenik ere ukatu egin zuten. Ertzaintzaren eta defentsako lekukoen deklarazioak ere ostegunean izan ziren.
Barbadoren aurkako atestatuan bere jarduera militantearekin lotutako frogak aurkeztu zituen Ertzaintzak; besteak beste, bere etxeko erregistroan topatutako propaganda politikoa: horietako bat Alfredo Remirez (@ErreHarria) preso zegoenean bere senideek izandako istripua salatzeko; eta bestea pintada batengatik espetxeratutako Amurrioko gazte baten (#JulenLibre) aldeko pegatina bat.
Zelaiaren kasuan, bere etxeko erregistroan topatutako «kale borrokaren motxila» bat gordetzea leporatu zion ertzainak; lekuko batek baieztatu zuen bezala, konfiskatutako materiala Hatortxu Rock jaialdiko segurtasun txanda bateean erabilitakoa zela ziurtatu zuen gasteiztarrak. Motxilaren barruan bridak, eskularruak eta walkie talkieak zeuden, besteak beste.
Froga xelebreak
Ertzaintzak aurkeztutako frogen artean, nabarmentzekoak diren xelebrekeria batzuk ere agertu ziren. Adibidez, bere etxean topatutako piper esprai bat aurkeztu zuten Barbadoren aurkako froga gisa; amurrioarrak gogorazi zuenez, «autodefentsarako materiala» lortu behar izan zuen, hilabete lehenago, Espainiako Polizia ohi batek bere senide baten etxea tirokatu egin zuelako Amurrion.
Horrez gain, Zelaiaren aurkako frogetako bat nabarmendu zuen defentsako abokatuak berak: Ertzaintzaren atestatuan, 2004an «pistolekin jolasean» identifikatu zutela aipatzen da. Zelaiak 11 urte zituen orduan, eta «jostailuzkoak» zirela eta lagunekin jolasten ari zela argitu behar izan zuen.