Urtarrilaren 21ean eta 22an, Aitor Zelaia gasteiztarra eta Galder Barbado amurrioarra epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, "helburu terroristekin lehergaiak gordetzea" egotzita. Fiskaltzak hamasei urteko espetxe zigor eskaera egin du; zortzi urte bakoitzarentzat.
Ia bi urte igaro dira Duranan aurkitutako suziri batzuen harira Ertzaintzak bi gazte arabarrak atxilotu zituenetik, 2019ko otsailaren 7an. Hainbat hilabete espetxean izan ondoren, 2019ko abuztuan baldintzapean aske utzi zituzten.
Orain, Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra, zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eta hamabost urteko gaitasungabetzea eskatu du gazte bakoitzarentzat. "Helburu terroristarekin armak, munizioak eta lehergaiak zein horien osagaiak gordetzea eta trafikatzea" leporatzen die.
ANkerkeriari Stop
"Epaiketa politiko" gisa definitu dutenaren atarian, ANkerkeriari Stop herri ekimena jarri da martxan, bi gazteei elkartasuna eta babesa adierazteko. "Konponbidea, demokrazia eta justizia" aldarrikatuz, ekimenaren sustatzaileen ustez, auzia "beste oztopo bat gehiagoa, baketik urruntzen gaituena eta iraganeko amesgaiztoak gogora dakarzkiguna".
"Ezin diegu utzi Galder eta Aitor eraman ditzaten; ezin diegu utzi, hain dago lekuz kanpo", azpimarratu dute ekimenaren kideek, eta prozesu judiziala gelditzea eskatu. "Hau ez da bi gazteren aurkako eraso huts bat, herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatua baizik".
???? #ANkerkeriariSTOP | Amaiera ekitaldiko sorpresatxoa: Su Ta Gar oholtzara igo da, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoro elkartasuna adierazteko.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) January 16, 2021
Laster informazio gehiago ???? https://t.co/bjp8Vl84bv pic.twitter.com/gz6sMLmkN4