Urtarrilaren 21ean eta 22an Auzitegi Nazionalean egindako epaiketaren ostean, epaileak frogatutzat eman du Aitor Zelaia gasteiztarrak eta Galder Barbado amurrioarrak "lehergailuak eta suzko arefaktuak egiteko elementuak gorde" zituztela, 2018an Duran (Arratzua-Ubarrundia) Ertzaintzak aurkitutako bidoi baten harira. Akusatuen "lau hatz marka eta aztarna biologiko bat" aurkitu ziren bertan, epaiaren arabera.
Angela Murillo epailea buru duen Zigor-arloko Salako Laugarren Atalaren epaiak lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri du bakoitzarentzat, "armak eta munizioak gordetzea" eta "helburu terroristekin lehergaiak eta horien osagaiak gordetzea eta trafikatzea" egotzita. Zortzi urteko zigorra eskatu zuen Fiskaltzak bakoitzarentzat; zigor hori, oraingoz, erdira jaitsi du epaitegiak.
Orain, Barbadoren eta Zelaiaren defentsek helegitea aurkezteko aukera dute Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoan. Beraz, bi gazte arabarrak ez dira momentuz espetxera joan beharko, prozedura judizial guztiak agortu bitartean.
Durako bidoia
Epaiaren arabera, honako materialak atzeman zituzten Durako bidoian: bost potasio klorato kutxa eta gai bereko pote bat, oihalezko poltsa batean bildutako zazpi suziri, azido sulfuriko kontzentratudun plastikozko lau pote, kable elektriko bat, zazpi propano gas bote, bost kanpin-gas bonbona, azkoinak eta torlojuak, metxa eta lau tiragoma. Sententziaren arabera, "kale borrokan erabilitakoen antzekoak" dira horiek.
Bi gazteek "ezker abertzalearen estrategiarekin bat" eta "bide baketsu eta demokratikoen alde" egiten zutela adierazi zuten epaiketan. Hala ere, Auzitegi Nazionalaren arabera, "adierazpen horiek ez datoz bat akusatuek ezkutatu zuten zuloan egindako aurkikuntzekin; kaleko indarkerian erabilitako lehergailuak egiteko elementuen ezaugarriak aurkitu baitziren".
Epaiketaren KRONIKA hemen irakurri dezakezu.