Orain dela hilabete, Eusko Jaurlaritzak Arkamu eta Iturrietako zentral eolikoei uko egiteko asmoa iragarri zuen, bi proiektuen "ondorio atzeraezinak" zirela eta. Aurreikusitako beste proiektuen izapidetzeak, ordea, aurrera doaz. Horien artean, Azazetan aurreikusitako zentral eolikoarena: bertan, 50 megawatt sortzeko 180 metroko zortzi aerosorgailu jarri nahi ditu Aixeindarrek, Energiaren Euskal Erakundeak (%40) eta Iberdrolak (%60) sustatutako sozietate publiko-pribatuak. Horri lotutako azpiegiturak gehitu behar zaizkio: goi-tentsioko aireko linea bat Donemiliagatik Elgeara, eta transformazio-azpiestazio bat Donemiliagan.
Hala ere, Arabako Foru Aldundiko teknikarien txosten baten arabera —ekainaren 25ekoa, eta EH Bilduren informazio-eskaera baten aurrean orain argitara atera dena—, Azazetako proiektu eolikoak ere "ondorio negatibo oso garrantzitsuak" eragingo lituzke flora, hegazti eta paisaiengan. EH Bilduk Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu du, proiektuak eragingo dituen kalteei buruzko azalpenak eman ditzan.
24 orrialdeko txostena oso irmoa da, eta, gainera, proiektuaren ondorioak Aixeindarren Ingurumen Inpaktuaren Txostenean aurreikusitakoak baino askoz handiagoak izango liratekeela ohartarazi du. Sozietateak bi alternatiba aztertu zituen proiekturako; Aldundiaren txosten teknikoak horietako bat aztertzen du, eta bestea baztertu egin zela azaltzen du, eragina "askoz ere larriagoa" zelako.
Landaredia, hegaztiak eta paisaia, arriskuan
ALEAk eskuratu ahal izan duen txostenak, proiektuaren deskribapen labur bat eskaintzeaz gain, proiektuak ingurumenean duen eraginaren balorazio bat egiten du, horretarako epea nahikoa izan ez dela azpimarratuz. Eragin horiek hiru bloke nagusitan banatzen ditu: lehentasunezko eta interes komunitarioko landaredia eta habitatak; hegazti-fauna eta saguzarrak; eta, azkenik, paisaia eta paisaia-konektibitatea.
Honako hauek dira Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko Ingurumen Iraunkortasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzu Teknikoen ondorio nagusiak Azazetako Parke Eolikoari dagokionez:
- Landaredia eta habitatak: "Ondorio negatibo oso nabarmenak eragingo lituzke landaredian, lehentasunezko eta interes komunitarioko landaredian eta habitatetan, eta flora mehatxatuan", dio txostenak, eta inpaktu horren magnitudea "gutxienez larria" izango litzatekeela baloratzen du. Gainera, ingurumen inpaktuaren azterlanak eragin horiek "gutxietsi egin dituela" eta "azterketa botaniko zorrotz bat" egin behar dela ohartarazten du, "garairik egokienak kontuan hartuz, espezieak identifikatzeko behar besteko xehetasunez, azterketa hobea egiteko eta ingurunearen ezagutzan sakontzeko, inpaktu-maila behar bezala ebaluatzeko".
- Hegazti-fauna eta saguzarrak: "Ondorio negatibo oso garrantzitsuak eragingo lituzke, bai arriskuan dauden hegaztiengan, bai saguzarrengan, eta inpaktu hori oso larria izan liteke", dio txostenak. Kasu honetan ere, ingurumen inpaktuaren azterlanak eragin horiek "gutxietsi egin dituela" deritzote Aldundiko teknikariek, eta "azterketa hobea eta ingurunearen ezagutza sakonagoa" eskatzen diote Aixeindarri, "inpaktu-maila zehatzago neurtzeko".
- Paisaiaren gaineko ondorioak: "Paisaiaren gaineko zein paisaia-konektibitatearen gaineko inpaktuak oso handiak izango lirateke", diote teknikariek, horren magnitudea "larria" izan daitekeela ohartaraziz. "Zuzentzeko eta babesteko neurriek ezin dute kaltea saihestu, ezta nabarmen murriztu ere. Ingurumen inpaktuaren azterlana egin aurretik, ikusitako akatsak zuzendu eta paisaiaren azterketa zorrotza egin beharko litzateke", ziurtatu dute teknikariek.