Araba Bizirik

"Erakundeak oso modu basatian lerrokatu dira energiaren oligopolioekin"

Mikel Buruaga 2021ko urr. 22a, 06:00

Isa Alvarez, Rebeka Gonzalez de Alaiza eta Roberto Ruiz de Arkaute. / Argazkia: ALEA

Larunbateko manifestazioaren atarian, lurraldean martxan dauden makroproiektuak gelditzeko eta alternatibak bultzatzeko beharraz mintzo dira Araba Bizirik plataformako Rebeka Gonzalez de Alaiza, Isa Alvarez eta Roberto Ruiz de Arkaute.

Klima larrialdiak eta argindarraren prezioaren igoerak markatutako garaiotan, trantsizio energetikoa eta energia berriztagarriak bultzatzea premiazkoa ela inork gutxik jartzen du zalantzan. Asko dira, ordea, Araban prozesu hori abiatzeko modua zalantzan jarri dutenak.

Rebeka Gonzalez de Alaizak (Erroeta, Arraia-Maeztu - Arabako Mendiak Aske), Isa Alvarezek (Turiso, Lantaron - Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua) eta Roberto Ruiz de Arkautek (Arzubiaga, Arratzua-Ubarrundia - Proiektu Honi Ez) ordezkatzen dituzten hiru kolektiboek AHTrik Ez plataformarekin batera osatzen dute Araba Bizirik, lurraldeko makroproiektuen aurkako plataforma.

Kontzejuak, komunala eta alternatibak aldarrikatuz, indarrak batu dituzte lau proiekturi aurre egiteko: Arabako mendietan aurreikusitako zentral eolikoak, Tuestan tomate hidroponikoak ekoizteko Hispalusek eraikiko duen negutegi erraldoia, Solariak Durako nekazaritza lurretan eraiki nahi duen parke fotovoltaikoa, eta Abiadura Handiko Trena.

Larunbatean, urriaren 23an, egun osoko egitarauak lagundutako manifestazioa deitu dute Gasteizen, 18:30ean Bilbo Plazatik.

Arkamu eta Iturrietako proiektuei uko egin die Jaurlaritzak. Nola baloratzen duzue?

Kontzientziazioari eta mugimenduari esker bi proiektu horiek gelditzea lortu dugu. Hala ere, uste dugu haien estrategia honakoa zela: babesari dagokionez eremu esanguratsuenekin hastea, horrela errazagoa delako gainerako eremuak "kolonizatzea"; horietako bi erortzen badira, jendarteak onar ditzala besteak. Baina erantzun oso indartsua izan dute, espero ez zutena eta azkar iritsi dena, duela hamabi urte emandako borrokaren memoria dugulako. Orduan plan horiek geldiaraztea lortu genuen, bai Legebiltzarrean, bai Aldundian.

"Babesari dagokionez eremu esanguratsuenekin hastea zen estrategia; hortik abiatuta errazagoa da gainerakoak kolonizatzea"

Rebeka Glz. de Alaiza (Mendiak Aske)

Beste proiektuak, ordea, aurrera doaz.

Jaurlaritzak atzera egin du bi proiektuak defendaezinak zirelako. Baina Labraza, Azazeta, Cantoblanco eta Jarindoko proiektuekin gauza bera gertatzen da. Mendi komunalak dira, eta jabetza erregimen horri esker, gaur egun arte kontserbatu ahal izan dira. Proiektuek mendien industrializazio oso bortitza eragingo lukete, baita deserrotze prozesu bat ere. Ondare ukiezina da, etorkizuneko belaunaldientzat gordetzen jarraitzeko ardura dugu. Korridore ekologikoak dira... ekosistemak, biodibertsitatea, lurra eta espezie askoren habitata suntsituko lirateke.

Zer egingo duzue horren aurrean?

Herritarrak kontzientziatzen jarraitzea, eraginak eta arriskuak zeintzuk diren azalduz. Horrekin batera, kontzejuen subiranotasuna defendatzen jarraitzea. Arlo teknikoan, alegazioak prestatzea eta biltzea. Susmoa dugu laster urratsak emango direla Cantoblancoko proiektuaren inguruan. Azazetari dagokionez, hasieran zortzi aerosorgailu ziren, eta orain gehiago jarri nahi dituzte; beste estrategia bat da hori: gutxirekin hasi eta gailur-lerro osoak industrializatzea.

Proiektu eolikoen aurkako seigarren martxa, Jarindo mendian. / ARABAKO MENDIAK ASKE

 

Bitartean, zein da proiektu fotovoltaikoen egoera?

Gutxienez lau proiektu daude martxan: horietako bat Arratzua-Ubarrundian; beste bat Kiltxano inguruan; hirugarrena Galarreta eta Larrea inguruan; eta laugarrena Komunioin. Egia esanda, ez daukagu oso argi zein den egoera zehatza, egoera zundatzen ari direla dirudi.

"Presioa ez da politikariena, baizik eta kapitalarena; xantai bera erabiltzen ari da Iberdrola Estatuarekin"

Roberto Rz. de Arkaute (Proiektu Honi Ez)

Hainbat nekazarik presioak salatu dituzte...

Solaria zenbait nekazariren baiezkoa bilatzen ari da egoera zehatzetan. Erabaki pertsonala da, horretan ezin naiz sartu; baina esango nieke proiektua ez dela ona herrientzat edo interes orokorrarentzat. Bestalde, askoz errazagoa da lursail komunalen bila joatea: handiagoak dira, eta bertako nekazariek edo herriek ekonomikoki lehiatzeko aukerarik ez dutenez, soken kontra ikusi dute beren burua. Lursailak pribatizatu eta garestitzeko xantaia erabiltzen ari dira; eta kasu batzuetan, zerbitzuak jaso ahal izateko presioa jasan dute kontzejuek udalen partetik ere. Nolanahi ere, presioa ez da politikariena, baizik eta kapitalarena; xantai bera erabiltzen ari da Iberdrola Estatuarekin.

Zergatik lehorreratze hau Araban eta ez beste lurraldetan?

Araba zoragarria da Iberdrola eta energiaren oligopolioentzat: %60 inguru onura publikoko mendiak dira, komunalak, eta Administrazioak beraiekin lerrokatu dira oso modu basatian, lurraldearekiko erantzukizuna albo batera utziz eta kontzejuen subiranotasunaren gainetik. Mendi horiek pribatizatzea merkeagoa da haientzat, baina guk ondasun komunal hori galduko genuke. Landa eremua eta Arabako herri txikiak otzanagoak eta zaurgarriagoak izango zirela uste zuten, baina hemen gaude, eta kohesioa ematen diogu hain zentralizatuta dagoen lurraldeari. Planteatzen ari direna gure ereduaren guztiz kontrakoa da.

Kontzeju asko kontra agertu dira...

Adibidez, Arratzua-Ubarrundiako proiektu fotovoltaikoaren kasuan hiru kontzeju daude tartean: Mendibilek baietz esan zuen; Arzubiagak eta Durak ezetz. Biztanleen gehiengoak ezezkoa eman zuen arren, Udalak zalantzara jokatu du, kontzejuen gainetik beste instantzia batzuk daudela esanez. Beraz, Aldundiak erabakitzen badu proiektua "interes orokorrekoa" dela, kontzejuen erabakia ez da kontuan hartuko.

"Ezin ditugu gizarteak gaur egun antolatuta dauden bezala mantendu, planeta bost aldiz jango dugulako"

Rebeka Glz. de Alaiza (Mendiak Aske)

Nola babestu daiteke kontzejuen hitza?

Guk aldarrikatzen duguna da Lurralde Plan Sektorial bat (LPS) onartzea. Bertan adosten badira energia berriztagarrien zentralak edo bestelako azpiegiturak eraikitzeko baldintzak, kontzejuen erabakiak errespetatuak izango lirateke, zeharka bada ere. Baina inolako plangintzarik ez badago, enpresa bat ailegatzen bada, eta ez badago bere proposamena behar bezala aztertzeko aukerarik, desoreka handi bat gertatzen da: kontzeju txiki bat enpresa baten aurrean. Foru Arauak esaten du kontzejuek autonomia eta subiranotasuna dutela, eta hori errespetatu behar da. Ez gaude guztiaren kontra, baina ez dugu ulertzen dena epe motzean egiteko presioa; proiektuen baldintzak, une egokiak eta erritmoak zehaztu behar dira.

Gero, semantikaren kontua dago: ez dira "parke" eolikoak, zentral eolikoak dira; ez dira "eguzki-baratzeak", zentral fotovoltaikoak dira; ez da "elikadura-berrikuntza", negutegi erraldoiak dira.

Araba Bizirik plataformaren prentsaurrekoa. / Argazkia: HALA BEDI

 

"Energia berriztagarriak bai, baina horrela ez", esan duzue askotan. Nola, orduan?

Krisi energetiko, klimatiko eta sozial honetara ekarri gaituen eredua ez da gurea. Eman beharreko aldaketa ezin du egitura horrek aurrera eraman, lortuko duen bakarra egoera larriagotzea delako. Beraz, beste eredu bat aldarrikatzen dugu: lokalagoa, jendarteak gidatutakoa eta komunitate txikien kontsumorako egokituta. Adituek ohartarazi dute ezinezkoa dela erregai fosiletan oinarritutako eredu bat, gaur egun duen kontsumoarekin, guztiz elektrifikatzea. Uste dugu Josean Galera gutaz barre egiten ari dela, planteatzen ari direna espekulatiboa dela, eta Europako Funtsei lotuta dagoela. Ezin ditugu gizarte hauek gaur egun antolatuta dauden bezala mantendu, planeta bost aldiz jango dugulako. Langile klaseak eta gero eta desjabetuago gauden herritarrok, bereziki emakumeok, baldintza duinetan bizitzeko behar dugun energiari buruz hitz egin behar da.

Azken finean, oinarrizko arazoa sistema da, sistema kapitalista. Bere logikak denon baliabideak bereganatu nahi ditu, jabetza publikoa esku pribatuetara pasatzeko. Hor dago arriskua, eta hori gerta daiteke mendiekin, lursailekin, gasarekin, urarekin eta edozein baliabiderekin. Kapitalismoak, berez, ez dauka mugarik, aseezina da. Honaino iritsi da, eta une honetan ez du nahikoa duenarekin, gehiago behar du. Sistema bera jasanezina da, eta hori da aldatu behar dena. Bitartean, hemen egon behar gara aurre egiten.

"Kapitalismoak denon baliabideak bereganatu nahi ditu, jabetza publikoa esku pribatuetara pasatzeko"

Roberto Rz. de Arkaute (Proiektu Honi Ez)

Zein izan daiteke alternatiba?

Arratzua-Ubarrundian, esaterako, krisi hau baliatu dugu kontzejuen artean komunitate energetikoak zabaltzeko. Lasierrako esperientziatik ikasi dugu, Goienerrekin bildu gara, eta azaroan izango dugu hurrengo bilera. Badakigu autokontsumoa iristen dela neurri bateraino, baina horretan datza kontua: ez noraino ailegatzen garen, baizik eta nola kudeatzen dugun energia hori; poliki-poliki kanpotik datorren energia murriztea eta autokontsumoa bultzatzea.

Maiatzean, AHTren aurkako plataformek plan bat aurkeztu zuten, Araban aurreikusitako lineak egungo trenbideetara egokitzeko. Berandu al da? AHTren obrak aurrera doaz ezinbestean?

Astelehen honetan bertan, RENFE eta ADIFeko sindikatuekin lortutako akordioa aurkeztu genuen Batzar Nagusietan. Akordio horrek planteatzen duena zera da: Burgos-Gasteiz, Gasteiz-Iruñea eta Iruñea-Zaragoza artean ez dela azpiegitura berririk egin behar, eta gaur egungo trenbideak egokitu eta hobetu daitezkela tren guztiak erabiltzeko (aldiriko trenak, distantzia ertain eta luzekoak, tren lasterrak eta merkantziak). Hori bera egiten ari dira Castejon eta Logroño artean edota Teruel eta Zaragoza artean. Burgos, Gasteiz eta Iruñea artean obrak ez dira hasi, eta Iruñeatik Zaragozara bakarrik %4 eraiki dute. Beraz, garaiz gabiltza akordioak planteatzen duen alternatiba aurrera eramateko. Sustapen Ministerioari bilera bat eskatu diogu eta erantzunaren zain gaude.

AHTren aurkako plataformetako bozeramaileak, Batzar Nagusietan. / AHTrik EZ LAUTADA
 
 

"Monolaborantza eta berokuntza artifizialeko hogei hektarea planteatzea Araban, krisi klimatiko betean... egin beharko litzatekeenaren kontrakoa da"

Isa Alvarez (Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua)

Tuestako negutegi erraldoia ere iristear da. Zertan datza proiektua?

Hasieratik zentzugabekeria izan da. Eroskiren hornitzaile den Hispalus enpresa almeriarrak bultzatu du proiektua. Tomate hidroponiko horiei "zero kilometro" txapela jarri ahal izateko, Almeriako enpresa horrek Arabako filial bat sortu zuen 2020ko apirilean. Proiektuak aurrera egin zuen, inolako azterketarik gabe, ingurumen-inpaktuaren txostenik gabe, uren txostenik gabe...

Baldintza horietan ere, aurrera doa?

Antolatzen eta inguruko herrietan gutunak banatzen hasi ginenean, Gaubeako alkateak esan zigun nahi genuena esan genezakeela, baina osoko bilkuraren %70aren babesa ziurtatuta zuela; hori enplegua zela, eta kitto. Ondoren, alkatea aldatu zen, txostenak eskatzeko alegazioak aurkeztu genituen, eta nolabaiteko etenaldia izan zuen proiektuak. Ustiategi txikien kasuan, txosten horiek denbora asko behar izaten dute; bada, haiek erabat aldeko erantzuna dute jada, Eusko Jaurlaritzaren 650.000 euro jaso dituzte, eta obrak hasi dira dagoeneko.

Zer eragin izango du?

Proiektuak tomate hidroponikoen monolaborantza eta berokuntza artifizialerako hogei hektarea planteatzen ditu. Araban, krisi klimatiko betean... Egin beharko litzatekeenaren guztiz kontrakoa da. Bestalde, bertan sortuko den enplegua oso eskasa da; beharbada, arduradunentzako bi enplegu on sortuko dira. Baina uzta biltzeko edo bestelako zereginetara bideratutako enpleguari dagokionez, Estatuko beste leku batzuetan ikusi dugu zer motatako enplegua den. Gainera, kanpoko insumoetan eta agrokimikoetan oinarritutako ekoizpen mota bat da. Beraz, inpaktu ekologikoa oso bortitza izango da. Nekazaritza gu kaloriaz hornitzeko jaio zen, baina lurrari lotuago dauden ereduak bultzatu beharrean, gero eta defizitarioagoak diren ereduetara goaz. Deserrotze-kiribil horretan, jendeak sinestuko du tomate bat ekoizteko lurra ez dela beharrezkoa. Bitartean, lurrerako sarbiderik gabeko jende gaztea duzu, edo ustiategi agroekologikoetan dauden nekazariak askoz diru laguntza baxuagoekin.

"Elikagaiak, eta ez produktu jangarriak, sortzen dituen ekonomia planteatzen dugu"

Isa Alvarez (Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua)

Ez al da ona tomateak urte osoan izatea?

Gaur egun, politika guztien zentralitatea gutxi batzuk bakarrik aberasten dituen merkatua mantentzea da, herrien beharrei erreparatu gabe. Kasu honetan, zertarako nahi ditugu tomate horiek urte osoan? Guk ez ditugu behar, baina merkatuak bai.

Horren aurrean, elikadura iraunkorraren alde egin duzue. Zer da hori, zehazki?

Planteatzen dugun eredua agroekologia da, eta hainbat zutabe ditu: lurrari lotutako ekoizteko moduak, lurraldean oinarritutako ekonomia eta justizia sozialaren ikuspegia, hau da, ez dadila inor esplotatu beste bat aberasteko. Eta, politikoki, elikadura burujabetza, hau da, gure elikadura nola ekoitzi eta nola kudeatu erabakitzeko ahalmena. Finean, elikagaiak, eta ez produktu jangarriak, sortzen dituen ekonomia.

Tuestako negutegi erraldoiaren aurkako pankarta. / Argazkia: ALEA

 

Martxan dauden proiektu horiek guztiak aztertuta... Zergatik Araba Bizirik plataforma?

Arabako Mendiak Aske plataformako kideok, pandemia betean informazioa zabaltzen genuenean, jendea oso harkorra zela ikusi genuen. Lehen manifestazioa Maeztun izan zen, eta, mugitzeko aukera gutxi zeuden arren, oso ondo atera zen; historikoa, herriarentzat. Hurrengoa Agurainen izan zen. Hurrengoa Gasteizen deitu genuen, baina proiektu eolikoen aurkako gure mugimenduaz gain, beste batzuk ere martxan zeudela ikusi genuen. Eredu honen aurka indarrak biltzea proposatu genien beste eragileei, eta oso modu naturalean atera da. Sistemak zatituta nahi gaitu, eta, hain zuzen ere, guk elkarrekin ikusaraztea erabaki dugu.

Itun sozial bat aldarrikatuko duzue larunbatean. Zeintzuk dira horren oinarriak?

"Eskubideak narratiba politikoetatik ezabatzen ari dira"

Isa Alvarez (Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua)

Lehenik eta behin, baztertze-eremu argiak: faunak, florak eta pertsonek osatutako ondare naturala gordetzen jarraitzeko. Bestalde, eredu aldaketa bat: ezin da zentralizatua izan, ezin dugu energia kantitate izugarri bat ekoitzi hainbeste baliabide gastatuz... Zertarako? Lehenago, berriztagarriek zer ordezka dezaketen ikusi beharko dugu. Geldi gaitezen, adituek zer dioten ikus dezagun, eta egin beharrekoa ingurunea eta landa eremua zainduz egin dezagun. Eta, azkenik, gobernantza ereduak tokikoak izan behar dira: ezin dugu babesgabe jarraitu diruaren eta enpresen aurrean.

Aurrera begirako mezurik?

Eztabaidaren erdian dagoen beste elementu bat eskubideen eta interesen arteko talka da. Eskubideak narratiba politikoetatik ezabatzen ari dira. Proiektu estrategikoei buruz hitz egiten digute, "interes orokorrari" buruz... Ez, hitz egidazu eskubideez. Eta zuk eskubide horiek lehenetsi behar dituzu, ez Fulanitoren interesak. Horrekin batera, gardentasuna ezinbestekoa da: planik ez badago, gaizki; plan bat badago baina horrelakoa bada, gaizki ere; baina non dago plan hori? Kontuak eman beharko lirateke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago