Araba Bizirik plataformak megaproiektuen aurkako eguna egin du Gasteizen, hainbat ekimenez eta mobilizazioez osatutako egitarau baten bitartez.
Traktoreen martxa bidez hasi dituzte eguneko protestak, eta, ondoren, Gasteizko Gaztetxean bildu dira, besteak beste, hitzaldi baten eta herri bazkari baten inguruan. Ondoren kalejiran abiatu dira Bilbo plazara, eta bertatik abiatu dute manifestazioa, Andre Maria Zuriaren plazaraino. Bertan, Bonba abesti ezagunaren bertsio berezi bat prestatu dute, "mendiak zulatzen" dituzten agintari eta enpresei buruz.
Martxaren amaieran irakurritako agiri batean, plataformako kideek ohartarazi dute lurraldea "arriskuan" dagoela, "Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak energia eta elikagai enpresen eskutik aurrera eraman nahi dituzten" politiken ondorioz.
Antolatzaileek nabarmendu dute proiektu horiek "ingurune naturalean, landa eremuetan eta herrixketan" atzera-bueltarik gabeko ondorioak izango dituztela. Gogor kritikatu dituzte agintariak, herri txikiei "ahotsa, autonomia eta subiranotasuna" kentzeagatik proiektu hauen aurka azaldu direnean. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiari esan diote herriak "proiektu hauen aurka daudela", eta kontrakoa esatea "gezurretan aritzea dela" erantsi diote. Azkenik, energia berriztagarrien alde azaldu dira, "baina horrela ez".