Eusko Jaurlaritzak Aixeindarri ohartarazi dio Arkamuko eta Iturrietako parkeek ez dituztela ingurumen-baldintzak betetzen, eta horrenbestez ez diote baimenik emango horiekin aurrera egiteko.
Mahai gainean ziren bi parke handienak dira, 34 aerosorgailurekin eta 170 megawatteko potentziarekin. Arabako Foru Aldundiak alegazioak aurkeztu zituen bi parke horien kontra, animaliei eta paisaiari eragin diezaieketen kalteengatik. Foru Aldundiko teknikarien txostenak erabakigarriak izan dira Eusko Jaurlaritzak atzera egiteko.
Oraingoz, beraz, Arkamu eta Iturrieta zerrendatik eroriko dira, baina ez beste biak. Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du Labrazakoa eta Azazetakoa izapidetzen. Horietan, orain arte, ez du oztopo gaindiezinik ikusten.