Koronabirusa

204 positibo berri Araban, LABIren bileratik ordu gutxira

Erredakzioa 2021ko uzt. 22a, 14:20

LABIren azken bilera hilaren 7an egin zen, neurriak mantenduz. / IREKIA

Azken egunetan datuak etengabe okertu dira EAEn eta Araban. Gure lurraldean 204 positibo berri atzeman dira azken 24 orduetan, eta intzidentzia 534koa da dagoeneko. Arratsaldean izango da LABIren bilera, neurri berriak aztertzeko.

Astelehen honetan eremu gorrira itzuli zen Araba. Horren ostean, datu kezkagarriak erregistratu dira azken egunetan EAEn, positibo berrien kopuruari dagokionez pandemia osoko errekorrak hautsiz —gaur bertan, 1.801 positibo berri EAEn, horietako 1.078 Bizkaian—. Ospitaleen egoera ere okertzen ari da, baina ez pandemiako beste une batzuetan bezainbeste; gainera, txertaketa kanpaina aurrera doa.

Arabari dagokionez, azken 24 orduetan 204 positibo berri atzeman dira: horietako 157 Gasteizen, 11 Laudion, 5 Aiaran, 4 Agurainen, 3 Lantziegon, 2 Dulantzin, 2 Lantaronen, 2 Lapuebla de Labarcan, 2 Samaniegon, 2 Zigoitian eta 2 Zuian. Positibo bana atzeman da Amurrion, Aramaion, Arraia-Maeztun, Artziniegan, Asparrenean, Bernedon, Burgun, Iruña Okan, Legution, Lezan, Oionen eta Villabuenan.

Azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua 534koa da une honetan Araban, aurtengo urte hasierako datu okerrenen mailara hurbilduz. Lurraldeko udalerri nagusi guztiak daude eremu gorrian, 400eko intzidentziaren gainetik: Gasteiz (536,51), Agurain (448,35), Amurrio (580,83) eta Laudio (457,74). Gainera, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien artean ere asko daude 400eko intzidentziatik gora.

LABIren bilera: mahai gainean dauden neurriak

LABIren aholku batzordearen azken bileraren ostean, uztailaren 7an, indarrean zeuden neurri murriztaileei eustea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak.

Hala ere, udako olatu berriak —bosgarrena hedabide gehienen arabera, seigarrena grafikoak ikusita— pandemiaren bilakaera erabat okertu du, batez ere txertatu gabeko gazteen arteko kutsatzeei dagokienez (3.000tik gorako intzidentziarekin) edota aldaera berrien eraginez. Horren aurrean, birusaren hedatzeari aurre egin nahi dio Eusko Jaurlaritzak; aurreikuspenen arabera, ekainaren 24an onartutako Pandemiaren Aurkako Legeak eta Bizi Berri IV. Planak ematen dituzten aukeretan sakonduko dute.

Honako hauek dira gaur arratsaldean, 16:30etik aurrera —18:00ak aldera ezagutuko dira erabakiak—, LABIk aztertuko dituen neurrietako batzuk:

  • Gaueko mugikortasuna mugatzea 30 urtetik beherako gazteen artean. Zalantza juridiko asko daude puntu honen bideragarritasunaren inguruan, azken aldian Jaurlaritzak mugikortasunari ezarri nahi izan dizkion beste murrizketekin bezala.
  • Edukierak murriztea establezimenduetan, jardueretan eta kirol zein kultur ekitaldietan.
  • Ostalaritzan: ordutegiak aurreratzea (une honetan, 2:00etan itxi behar dute) eta mahaietako pertsonen kopurua murriztea (une honetan, sei lagunetara mugatuta); baita txoko eta elkarte gastronomikoetan ere.

Bestalde, Espainiako Kongresuak aste honetan berretsi du aire zabalean maskara erabiltzeko derrigortasunik eza.

Indarrean dauden neurriak

Honako hauek dira ekainaren 19tik indarrean dauden neurri murriztaileak:

  • Ordutegiak 2:00etara luzatzea kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko.
  • Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea, bai barrualdean, bai terrazetan. Barruko edukiera %50ekoa izango da.
  • Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ostalaritzaren irizpide eta edukiera berdinekin. Ordutegia: 9:00etatik 2:00etara.
  • Edukierak %60ra handitzea merkataritzan eta oro har, muga espezifiko bat aplikatzen denean izan ezik.
  • Edukierak handituko dira ekitaldi sozial eta kulturaletan: 1.600 pertsonatik beherako edukiera duten espazioetan, 600 pertsona barrualdean eta 800 aire zabalean. 1.600 eta 5.000 pertsona bitarteko edukiera duten espazioetan, 800 pertsona barrualdean eta 1.200 aire zabalean. 5.000 baino gehiagoko esparruetan, gehieneko edukiera ezin izango da %30 baino handiagoa izan.
  • Kirol ekitaldietan publikoa baimentzea, betiere edukiera mugatuta. Beti %60ko edukierarekin, eta gehienez 800 pertsonako edukierarekin barnealdean edo 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.
  • Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi zentro turistikoen eta abarren kanpoko jardueretan 20 pertsona.
  • Barruko kirol jardueretan gehienez 10 pertsonako taldeak. Aldageletan edukiera %50ekoa izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago