LABIren aholku batzordearen azken bilera maiatzaren 31n egin zen, eta neurrien azken eguneratzea ekainaren 2an sartu zen indarrean. Bertan, EAEko intzidentzia tasa metatua 150etik jaistea eta txertaketarekin aurrera egitea (50 urtetik gorakoen %90 immunizatuta dago) finkatu zuten hurrengo helburu bezala.
Azken egunetan lortu da hori, eta, beraz, Bizi Berri Planaren 2. mailako agertokian gaude une honetan. Azken bilera hartan mahai gainean zeuden baina hurrengo agertokirako atzeratu ziren neurriak dira, besteak beste, ostiral honetan LABIren aholku batzordeak aztertu dituenak. 16:30etik aurrera bildu dira, eta 18:00etan hasi da Iñigo Urkulluren agerraldia.
Neurri berriak larunbatean bertan sartuko dira indarrean, ekainaren 19an; gainera, hamabost edo hogei egun barru osasun larrialdi egoera indargabetzea aztertuko du Eusko Jaurlaritzak:
Neurri berriak
- Ordutegiak 2:00etara luzatzea kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko.
- Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea, bai barrualdean, bai terrazetan. Barruko edukiera %50ekoa izango da.
- Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ostalaritzaren irizpide eta edukiera berdinekin. Ordutegia: 9:00etatik 2:00etara.
- Edukierak %60ra handitzea merkataritzan eta oro har, muga espezifiko bat aplikatzen denean izan ezik.
- Edukierak handituko dira ekitaldi sozial eta kulturaletan: 1.600 pertsonatik beherako edukiera duten espazioetan, 600 pertsona barrualdean eta 800 aire zabalean. 1.600 eta 5.000 pertsona bitarteko edukiera duten espazioetan, 800 pertsona barrualdean eta 1.200 aire zabalean. 5.000 baino gehiagoko esparruetan, gehieneko edukiera ezin izango da %30 baino handiagoa izan.
- Kirol ekitaldietan publikoa baimentzea, betiere edukiera mugatuta. Beti %60ko edukierarekin, eta gehienez 800 pertsonako edukierarekin barnealdean edo 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.
- Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi zentro turistikoen eta abarren kanpoko jardueretan 20 pertsona.
- Barruko kirol jardueretan gehienez 10 pertsonako taldeak. Aldageletan edukiera %50ekoa izango da.