Ekainaren 19an neurri murriztaile berriak ezarri zirenetik orain arte bezala, tabernek eta jatetxeek 2:00etan ixteko aukera mantenduko dute, baita %50eko edukiera barnealdeetan eta mahai bakoitzeko sei laguneko taldeak ere. LABIren gaurko bileran espero zitekeen murrizketarik balizkoena ostalaritzaren ingurukoa zen, baina, azkenik, aukera hori baztertu dute. Txokoak eta elkarte gastronomikoak ere irekita mantenduko dira.
Intzidentzia metatuaren igoerak kezkatzen du (183koa EAEn eta 132koa Araban), baina Eusko Jaurlaritzak deritzo horrek ez duela ospitaleen egoera okertu, eta, gainera, txertaketa oso aurreratua dagoela; izan ere, EAE biztanleriaren %70 immunizatzetik hurbil baitago.
Kale zurruta jomugan
Nolanahi ere, pandemiaren bilakaeraren erantzukizunari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak gazte taldeen pilaketak jarri ditu jomugan, kale zurruta debekatuta dagoela azpimarratuz. Jaurlaritzaren ustez, horrek eragin du azken astean kutsatzeak nabarmen handitzea.
17 eta 18 urteko gazteen artean, 100.000 biztanleko 1.800 kasukoa da intzidentzia tasa metatua.
Bizi Berri IV plana
Bestalde, Pandemiaren aurkako Legearen estaldura juridikoaren pean, aste honetan Bizi Berri IV plana onartu du Eusko Jaurlaritzak. Plan berri horrek urrira bitartean pandemiari aurre egiteko neurriak jasotzen ditu. Oraingoan ez da bakarrik birusaren transmisioa kontuan hartuko; txertaketaren datuak, ospitaleen egoera eta birusaren aldaerak ere neurri murriztaileak erabakitzeko faktoreak izango dira.
Beste neurri batzuen artean, egoeraren larritasunaren arabera establezimenduen ordutegia murriztea dago. Bizi Berri IV Planaren arabera, EAE hirugarren agertokian dago une honetan, hau da transmisio tentsionatuko egoeran, intzidentzia tasa metatua 150etik gora dagoelako.
Indarrean dauden neurriak
Honako hauek dira ekainaren 19tik indarrean dauden neurri murriztaileak:
- Ordutegiak 2:00etara luzatzea kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko.
- Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea, bai barrualdean, bai terrazetan. Barruko edukiera %50ekoa izango da.
- Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ostalaritzaren irizpide eta edukiera berdinekin. Ordutegia: 9:00etatik 2:00etara.
- Edukierak %60ra handitzea merkataritzan eta oro har, muga espezifiko bat aplikatzen denean izan ezik.
- Edukierak handituko dira ekitaldi sozial eta kulturaletan: 1.600 pertsonatik beherako edukiera duten espazioetan, 600 pertsona barrualdean eta 800 aire zabalean. 1.600 eta 5.000 pertsona bitarteko edukiera duten espazioetan, 800 pertsona barrualdean eta 1.200 aire zabalean. 5.000 baino gehiagoko esparruetan, gehieneko edukiera ezin izango da %30 baino handiagoa izan.
- Kirol ekitaldietan publikoa baimentzea, betiere edukiera mugatuta. Beti %60ko edukierarekin, eta gehienez 800 pertsonako edukierarekin barnealdean edo 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.
- Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi zentro turistikoen eta abarren kanpoko jardueretan 20 pertsona.
- Barruko kirol jardueretan gehienez 10 pertsonako taldeak. Aldageletan edukiera %50ekoa izango da.