Asteburuak ez dio atsedenik eman gure lurraldeari, eta pandemiaren seigarren olatuak eremu gorrira eraman ditu Araba eta Gasteiz. Bost egun jarraian izan dira 100 positibo berrien langatik gora. Azken 24 orduetan, 112 positibo atzeman dira lurraldean; horietako 82 hiriburuan.
Testuinguru horretan, lurraldeko intzidentzia tasa metatua 428 kasuetaraino iritsi da jada; hiriburukoa ere oso antzekoa da, 427koa. Aiaraldeko kuadrillari dagokionez, Amurriok eta Laudiok eremu gorrian jarraitzen dute (joan den astean sartu ziren bertan), 522 eta 414ko intzidentzia tasarekin, hurrenez hurren. Aguraingo egoera ez da askoz hobea, eta 392ko intzidentziarekin eremu gorrira hurbiltzen ari da ere.
Arabako datuen bilakaera ulertzeko, kontuan hartu behar dugu oinarrizko ugalketa-indizea 1,3koa dela. Beraz, birusa hazkunde fasean dago lurraldean, kutsatutako pertsona bakoitza beste lagun bat baino gehiago kutsatzen ari delako; zehazki, kutsatutako 100 pertsonako, beste 130 kutsatzen ari dira.
Ospitaleen egoerari dagokionez, bi elementu nagusi azaleratzen ari dira: alde batetik, presio asistentziala igotzen ari da positibo kopuruaren hazkundearen ondorioz; bestalde, gazteen ospitaleratzeak gero eta gehiago izaten ari dira, 30 urtetik beherakoen txertaketa ez baita hasi oraindik.
LABI teknikoaren bilera
Astelehen honetan berriro bilduko da LABIren batzorde teknikoa. Adituek neurri berriak ezartzeko aukera aztertuko dute, azken egunetako bilakaeraren aurrean. Duela bost egun eskas egindako azken bileran, bizikide ez diren pertsonak 0:00etatik 6:00etara bitartean espazio publikoetan biltzea debekatzea erabaki zuten. Neurri murriztaile berria ostiralean, uztailaren 16an, sartu zen indarrean.