Mercedesek ekoizpena etengo du berriro uztailaren 29an eta 30ean

Erredakzioa 2021ko uzt. 22a, 13:20
Hilabete pasatxoko epean egindako hirugarren geldialdia izango da. / MERCEDES-BENZ

Erdieroaleen krisiak behartuta, Mercedesek Gasteizen duen lantegiak bi egun aurreratuko ditu udako oporrak, hilaren 29an eta 30ean geldituz.

Aurreikusi bezala, Asiatik iristen diren erdieroaleen hornidura falta ez da konpondu, eta Mercedeseko zuzendaritzak etenaldi berri bat iragarri du udako oporren aurretik: ekoizpena bertan behera geratuko da ekoizpen, muntaketa gordin, pintura eta azken muntaiako sektore guztietan.

Hilabete pasatxoko epean egindako hirugarren geldialdia izango da: ekainaren 21etik 25era, aste osoan eten zuten ekoizpena; eta gauza bera egin behar izan du lantegiak duela egun gutxi, uztailaren 19an eta 20an.

Zehazki, bi eguneko geldialdia izango da. Hiru txandatan eta normaltasunez lan egingo dute astelehenetik asteazkenera bitartean —hilaren 26tik 28ra—, baina ostegunean eta ostiralean —hilaren 29an eta 30ean— ez dira lanera joango, udako oporraldia aurreratuz. Ikasturte berriari abuztuaren 23an ekingo dio 5.000 langile inguruk osatutako Mercedeseko plantillak.

Horrela, hitzarmenean jasotako malgutasun poltsa lau egunetara murriztuko da. Lau egun horiek agortu eta gero, zuzendaritzak enpresa batzordearekin adostutako 30 eguneko ABLEEa (Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea) aplikatzen hasiko litzateke, beharrezkoa balitz.

Mikrotxipen inguruko ziurgabetasun egoera hain da handia, ezen Mercedes astez aste aztertzen ari baita ekoizpenarekin jarraitu daitekeen ala ez. Izan ere, fabrikatzen diren furgoneta batzuk amaitu gabe ateratzen dira erdieroaleen faltan, eta, hornidura lortu bitartean, instalazioetan gorde behar izaten dituzte; une honetan, 5.000 ibilgailu baino gehiago pilatu dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide