Mercedesek ekoizpena geldituko du datorren aste osoan, erdieroale faltagatik

Erredakzioa 2021ko eka. 17a, 15:30
3.000 eta 4.500 ibilgailu inguru ekoizteari utziko dio Gasteizko fabrikak. / MERCEDES-BENZ

Erdieroaleen hornidura faltagatik, Mercedesek Gasteizko fabrikaren ekoizpena etengo du ekainaren 21etik 25era. Asiatik datozen pieza horien eskuragarritasunaren arabera, hilaren 28an jarduerari berrekitea espero du enpresak.

Erdieroaleen hornikuntza faltak gogor kolpatu du Mercedesek Gasteizen duen lantegia, Asian ekoiztutako pieza horien krisia orain arte gainditzea lortu duen arren (geldialdi puntualen bat izan ezik).

Ondorioz, Mercedesek pintura zein muntaiko lineetan ekoizpena gelditu beharko du datorren aste osoan, ekainaren 21etik 25era bitartean. Zuzendaritzak gaur goizean eman die horren berri sindikatuei eta langileei, azken asteetan amaitu gabeko furgoneta ugari pilatu ostean.

2021ean Vito eta V Klasea motako 148.600 furgoneta ekoiztea aurreikusi zuen zuzendaritzak, baina, langileen ordezkariei azaldu dienez, etenaldiak aurreikuspen horietan eraginik ez izatea espero du.

Horretarako, 5.000 langilek osatutako plantillak bere gain hartu beharko du geldialdia, ordu-poltsaren bitartez eta hainbat larunbatetan lan eginez. Beraz, momentuz behintzat, zuzendaritzak Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientearen (ABLEE) aukera baztertu du.

Geldialdiak irauten duen bitartean, egun bakoitzeko 600 eta 900 ibilgailu artean ekoizteari utziko dio Gasteizko fabrikak. Lan astea bost egunekoa dela kontuan izanda, 3.000 eta 4.500 furgoneta artean ekoizteari utziko zaio. Printzipioz, astebeteko etenaldia izango da, baina zuzendaritzak berak aitortu du "ziurgabetasun handia" dagoela. Nolanahi ere, datorren ostegunean, hilaren 24an, zuzendaritzak egoeraren berri emango die langileei.

Erdieroaleen krisia

Erdieroaleak txip edo zirkuitu elektroniko milimetrikoak dira, batez ere silizioz osatutakoak, eta funtsezkoak dira, kasu honetan, furgoneten funtzionamendu orokorrerako. PlayStation, tablet edo telefono mugikorrak bezalako produktu elektronikoen industriaren eskari handiak automobilgintza-sektorearen hornikuntzarik eza eragin du, bereziki pandemia garaian. Horrek hornikuntza krisi handi bat eragin du hainbat sektoretan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide