Mercedesek ekoizpena etengo du berriro

Erredakzioa 2021eko uztailaren 15a

Mercedes planta bi egunez itxiko dute. ALEA

Datorren uztailaren 19an eta 20an geldituko dute planta, erdieroaleen hornidura-arazoak direla eta.

Gasteizko Mercedes lantegiak ekoizpena eten beharko du berriro, uztailaren 19an eta 20an, erdieroaleen horniduran arazoak dituztelako. Fabrika geldirik egon zen joan den ekainaren 21etik 25era, arrazoi beragatik, eta, ondoren, zuzendaritzak iragarri zuen furgonetak ekoizteko helburua 141.001 unitatera murriztuko zela aurten, aurreikusitakoak baino 7.599 ibilgailu gutxiago.

Bi eguneko etenaldiaren ondoren, lantegiak bere ohiko jarduera berreskuratuko du asteazkenean, baina zuzendaritzak ez du baztertu ekoizpena gelditu behar izatea hurrengo egunetan, munduko egoera "oso zaila" delako. Zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak ABEE (aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente) bat aplikatzea adostu zuten, 30 egunekoa, urtea amaitu arte, merkaturen bilakaeraren arabera geldialdi berriak egin behar izanez gero, baina oraindik ez dira aplikatzen hasi.

Horrez gainera, joan den uztailaren 5etik, muntaketa-sailaren gaueko txandako lanaldia murriztea erabaki zuen enpresak, zortzi ordutik zazpi ordu eta erdira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago