Solaria parke fotovoltaikoetarako lur pribatuen bila, Duraren ezezkoaren ondoren

Erredakzioa 2021ko uzt. 7a, 07:30
Gutxienez sei proiektu fotovoltaiko daude mahai gainean Araban. / Argazkia: PIXABAY

Larunbatean, parke fotovoltaiko bat eraikitzeko lursailak Solariari lagatzeari ezezkoa eman zion Dura kontzejuak. Orain, Lautadan, Añanan edo Arratazua-Ubarrundiatik gertuko lursail pribatuak bilatzeari ekin dio enpresak.

Uztailaren 3an, Dura kontzejuak (Arratzua-Ubarrundia) Solaria multinazionalaren proposamenaren kontra bozkatu zuen, gehiengoz. Kontzejuak dituen 370 biztanletatik 60k eman zuten botoa, eta horietatik 42k ezezkoa eman zuten; hamalauk alde bozkatu zuten, eta beste lau abstenitu ziren.

Energia konpainia multinazionalaren proposamena 40 hektareako lursail bat alokatzea zen, Arratzua-Ubarrundian, Dura, Arzubiaga eta Mendibil herrien arteko nekazaritza lurretan, 80 eta 100 hektarea bitarteko parke fotovoltaiko bat sortzeko proiektuaren barruan. Horretarako, 26 urteko kontratua eskaini zuen enpresak —bost urteko bi luzapen egiteko aukerarekin—, hektarea bakoitzeko urtean 1.500 euro ordainduz —100 euro hasieran, lizentziak eta baimenak lortu bitartean—; hau da, urtean 60.000 euro inguru.

Hiru kontzeju horiek honela bozkatu dute: Arzubiagak proposamenari uko egin zion; Mendibilek, ordea, onartu zuen; azkenik, Dura kontzejuaren ezezkoak makilakada bat suposatu du multinazionalaren asmoentzat. Izan ere, hasierako proiektua baztertu beharko du, eta beste lursail batzuk bilatu.

Arabako nekazariek proiektu fotovoltaikoak errazteko "presioak" salatu dituzte azken asteetan. Gainera, parkeak herriko azalera landagarriaren %30 hartu eta nekazaritza eredua arriskuan jarriko lukeela ohartarazi dute.

Eusko Jaurlaritzak oraindik onartu behar du energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS), parke eolikoak eta fotovoltaikoak jartzeko kokaleku egokiak zehazteko. Hala ere, Arabako Foru Aldundiak ez du aurreikusten proiektuak atzeratzea plan hori indarrean sartu bitartean.

Lursail pribatuak

Noticias Taldeak egunotan argitaratu duenez, Durako bizilagunen ezezkoaren ondoren, Solaria Lautada eta Añana kuadrilletako lursail pribatuetara begira jarri da. El Correo egunkariaren arabera, Arratzua-Ubarrundiako jatorrizko proiektutik "bost kilometrotara" dauden lursail pribatuak bilatu nahi ditu Solariak, "presio soziala" eta "eztabaida politikoa" saihestuz.

Nolanahi ere, DNA hedabidearen arabera, multinazionalaren asmoa da datozen bi urteetan 50 MW-eko eta 80 hektarea inguruko bi parke fotovoltaiko eraikitzea Araban. Horretarako, beraz, 160 hektarea aurkitu behar ditu lurraldean. Oraingoz, aukerak aztertzen ari dira eta partikularrei eskaintzak egiten hasiko dira laster.

Parke fotovoltaikoak Araban

Une honetan, Araban, parke fotovoltaiko bat dago martxan: Ekian, Arasurreko industrialdean (Ribabellosa). Beste bat bidean dago: 2023rako martxan egotea aurreikusita dagoen Lacorzanako (Armiñon) Ekienea. Bi horiez gain, ekimen pribatuko beste sei proiektu daude martxan gutxienez, Solaria, New Circle Energy, Repsol, Aldeamayor eta Abei Energy enpresen eskutik. ALEAren artikulu honetan horien xehetasunen inguruko errepasoa egin genuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide