Eusko Jaurlaritzak Armentia-2 putzuan gasa ustiatzeari uko egin ostean, bata bestearen atzean iristen ari dira energia berriztagarriko proiektu handiak. Hori guztia arautzeko legedia hankamotz dago, Energia Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Plana (LPS) onartu gabe dagoelako. Gainera, parke eolikoen inguruko eztabaida eta alegazioen prozesua itxi gabe daude oraindik. Aste honetan bertan, Arabako Mendiak Askek jakinarazi du 22.700 sinadura baino gehiago biltzea lortu duela Arkamu, Iturrieta, Labraza eta Azazetako zentral eolikoaren aurkako alegazioetan.
Testuinguru horretan, zentral fotovoltaikoen lehen proiektuak martxan daude jada. Alde batetik, Solaria enpresa multinazionalak baieztatu du 50 MW sortzeko bi parke fotovoltaiko instalatu nahi dituela Arratzua-Ubarrundian, 50 milioi euro inguruko inbertsioarekin. Zehazki, 200 hektarea inguruko azalera hartuko lukete (100 bakoitzak), Dura eta Mendibil herrietako nekazaritza lurretan.
Lurrak administrazio batzarren jabetzakoak dira, eta Solariak dio "onarpen soziala" duten lurrak bilatzen ari direla. Oraingoz, Mendibilek proiektua onartu du eta Durak oraindik ez du kontzejuan bozkatu; Arzubiagak, ordea, kontrako botoa eman du.
Proiektuaren helburua eguzki energia 30 urtez ekoiztea da, eta, onartuz gero, bi urte barru eraikitzen hasiko litzateke, 2024an martxan jarri ahal izateko. Enpresaren arabera, 600 lanpostu sortzera iritsiko lirateke, instalazioak muntatzeko fasean; ondoren, sei lanpostu iraunkor geldituko lirateke. Bestalde, hektarea bakoitzeko 1.500 euro inguru ordainduko luke enpresak urtero.
Kritikak
Energia berriztagarriak sortzeko proiektu handi horien berri izan bezain laster, Duranako bizilagunek proiektuaren aurkako plataforma bat osatu dute. Momentuz, informazio falta kritikatzeaz gain, autokontsumora bideratutako proiektu txikiagoak aldarrikatu dituzte, energia berriztagarrien alde daudela azpimarratuz. Gainera, parke horien instalazioak laborantzarako azalera sakrifikatuko lukeela kritikatu dute.
Beste proiektu bat Lautadan
Bestalde, New Circle Energy enpresa 40 hektareako lursail bat bilatzen ari da Arabako Lautadan, Heredia (Barrundia) eta Agurain artean. Une honetan, administrazio batzarrekin biltzen ari da, aukerak aztertzeko helburuarekin. Proiektu txikiago honen helburua 25 MW-ko potentzia ekoiztea izango litzateke.
Ekienea parkea, 2023an
Gutxienez hiru proiektu berri horiek mahai gainean dauden bitartean, Lacorzanako (Armiñon) Ekienea parke fotovoltaikoaren Plan Bereziak hasierako onespena lortu du Udalaren partetik. Beraz, hogei eguneko epea ireki da jendaurreko esposiziorako eta parkea hartuko duen lurzoruari buruzko hirigintza planari alegazioak aurkezteko. Izapide hori egiten den bitartean, urtebetez etenda izango dira lursail horretako onarpenak, baimenak eta hirigintza-lizentziak.
Krean P&S taldea dago proiektuaren atzean, eta Iberdrolak, Mondragon Taldeak, Arabako Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) 2020ko ekainean aurkeztu zuten jendaurrean. 2023rako martxan egotea aurreikusita, EAEko eguzki parkerik handiena izango da eta 90 milioi euro inguruko inbertsioa izango du 120 MW ekoizteko.
Etorkizuneko parke horren mugakide den beste eguzki-planta txikiago bat, Ekian, iragan urtarrilean inauguratu zen, eta 24 MW-ko potentzia du.