Ritxar Durako nekazaria da, eta ostiral honetan Arabako Batzar Nagusietan izan da, EH Bildu eta PP batzarkide taldeek gonbidatuta, Solaria enpresa multinazionalaren aldetik jasandako "presioak" salatzeko. Nekazariak ziurtatu du enpresako ordezkari bat herrian bizitzera gelditu dela, eta 1.500 euro eskaini dizkiela herriko nekazariei hektarea bakoitzeko (63 hektareatatik). "Presio handia dago, gu lehenak garelako eta horrek kate-efektua duelako", salatu du nekazariak.
Berarekin izan da Arabako Nekazarien Elkarteko (UAGA) presidente Javier Torre. Arabako nekazarien bozeramailearen arabera, lurraldeko nekazaritza lurretan parke fotovoltaikoak jartzeko martxan dauden asmoak "proiekturik eta araudirik gabe" planteatu dira, eta, testuinguru horretan, informazio nahikorik gabe "erabakiak hartzera behartuta" sentitzen ari dira nekazariak. Horregatik, parke energetiko horiek arautzeko "antolamendua" eskatu dute.
Tenéis que escuchar a Ritxar, agricultor de Durana al que una empresa privada (con la complicidad de Diputación) quiere quitarle de un plumazo su trabajo, sus tierras, y la historia de su pueblo.
— Eva L.Arroyabe (@ArroyabeEva) June 11, 2021
La actitud de PNV y PSE bajo el paraguas de las energías renovables es un desastre. pic.twitter.com/ev16a6pF5z
Hiru proiektu martxan
Une honetan, gutxienez hiru proiektu daude martxan. Alde batetik, Solaria enpresa multinazionalak baieztatu du 50 MW sortzeko bi parke fotovoltaiko instalatu nahi dituela Arratzua-Ubarrundian, 50 milioi euro inguruko inbertsioarekin. Zehazki, 200 hektarea inguruko azalera hartuko lukete (100 bakoitzak), Dura eta Mendibil herrietako nekazaritza lurretan; Duraren kasuan, herriko laborantza eremuaren %30 hartuko luke parkeak.
Lurrak kontzejuen jabetzakoak dira eta erabakia administrazio batzarrena da. Solariak ziurtatu du "onarpen soziala" duten lurrak bilatzen ari direla, baina UAGAk salatu du lurrak lagatzera "behartzeko" azpi-jokoak egiten ari direla enpresak. Oraingoz, Mendibilek proiektua onartu du eta Durak ez du kontzejuan bozkatu oraindik, informazio eta proiektu falta salatuz; Arzubiagak, ordea, kontrako botoa eman du.
Bestalde, New Circle Energy enpresa 40 hektareako lursail bat bilatzen ari da Arabako Lautadan, Heredia (Barrundia) eta Agurain artean. Une honetan, administrazio batzarrekin biltzen ari da, aukerak aztertzeko helburuarekin. Proiektu txikiago honen helburua 25 MW-ko potentzia ekoiztea izango litzateke.