Seigarren proiektu fotovoltaikoa Arabako lurretan, oraingoan Agurainen

Erredakzioa 2021ko eka. 29a, 10:00
Abey Energyk 80 hektarea inguruko parke fotovoltaiko bat eraiki nahi du Agurainen. / PIXABAY

Arabako nekazaritza lurretan parke fotovoltaikoak eraikitzeko bost enpresa lehorreratu dira dagoeneko gure lurraldean. Ezagutu den seigarren proiektua: Abei Energy enpresa 80 hektareako lursail baten bila dabil Agurainen.

Parke fotovoltaikoak jartzeko proiektu berriak martxan daude Araban, eta gero eta gehiago dira. Bitartean, lurraldeko nekazariek "presioak" salatu eta proiektu horiek kudeatzeko araudirik ez dagoela kritikatu dute azken asteetan. Erakundeen aldetik, oraingoz, isiltasuna da nagusi.

Nolanahi ere, nazioarteko energia konpainiek estrategikotzat jo dute Araba proiektu berriztagarriak garatzeko; antza denez, parke fotovoltaikoetan ikusi dute errentagarritasun ekonomiko handiena. Ekaina hasieran hiru proiektu zeuden mahai gainean (bi Arratzua-Ubarrundian eta beste bat Lautadan), baina dagoeneko bost enpresa eta sei proiektu dira Arabako herrietan ate joka daudenak.

Ezagutu dugun seigarren eta azken proiektua Abei Energy enpresarena izan da. El Correo egunkariak argitaratu duenez, Aguraingo nekazarien jabetzako hainbat finka erosi nahi ditu, 80 hektarea inguruko parke fotovoltaiko bat eraikitzeko.

Bi parke martxan eta sei bidean

Gutxienez sei proiektu berri mahai gainean dauden bitartean, ekaina hasieran, Lacorzanako (Armiñon) Ekienea parke fotovoltaikoaren Plan Bereziak hasierako onespena lortu zuen Udalaren partetik. Krean P&S taldea dago proiektuaren atzean, eta Iberdrolak, Mondragon Taldeak, Arabako Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) 2020ko ekainean aurkeztu zuten jendaurrean. 2023rako martxan egotea aurreikusita, EAEko eguzki parkerik handiena izango da eta 90 milioi euro inguruko inbertsioa izango du 120 MW ekoizteko.

Bestalde, etorkizuneko parke horren mugakide den beste eguzki-planta txikiago bat, Ekian, iragan urtarrilean inauguratu zen, eta 24 MW-ko potentzia du.

Baina, une honetan, honako hauek dira, Abei Energyren proiektuaz gain, mahai gainean dauden beste bost proiektuak:

  • Solaria enpresa multinazionalak 50 MW sortzeko 100 hektarea inguruko bi parke fotovoltaiko instalatu nahi ditu Araban. Horietako bat Arratzua-Ubarrundian, Dura eta Mendibil herrietako nekazaritza lurretan; eta beste bat Burgu eta Barrundia artean, Etxebarri-Urtupiña, Mendixur, Gebara, Argomaiz eta Kiltxano kontzejuetako lurretan.
  • New Circle Energy enpresa 40 hektareako lursail bat bilatzen ari da Lautadan, Heredia (Barrundia) eta Agurain artean. Une honetan, administrazio batzarrekin biltzen ari da, aukerak aztertzeko helburuarekin. Proiektu txikiago honen helburua 25 MW-ko potentzia ekoiztea izango litzateke.
  • Repsol enpresa multinazionala lursailen bila dabil Lantaron udalerrian. Oraingoz, Fontetxa eta Bergondako administrazio batzarretara jo du, kontzeju bakoitzean 30 hektarea inguru alokatzeko asmoz.
  • Aldeamayor enpresa gasteiztarrak Lantaron udalerrira jo du bere proiektuak gauzatzeko asmoz: dagoeneko 18 hektarea alokatzeko akordioa sinatu du Komunioi kontzejuan, eta lur gehiagoren bila dabil Leziñanan eta Salcedon.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide