EAJk eta PSEk Batzar Nagusietan Apasos elkarteari betoa jarri diotela salatu dute

Erredakzioa 2021ko eka. 16a, 08:00
Batzar Nagusietako osoko bilkura bat. / BBNN

EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak "oso larritzat" jo dute Apasoseko boluntarioek udal txakurtegian jasandako sexu erasoen inguruko agerraldiari EAJk eta PSEk Batzar Nagusietan jarritako betoa. "Asko dute ezkutatzeko", salatu du elkarteak.

Astearte honetan, udal txakurtegian indarkeria matxistagatik izandako salaketak aztertzeko Apasos elkartearen agerraldi bat onartzekoa zen Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileen batzordean. EAJk eta PSEk agerraldiaren kontra bozkatu dute, eta gehiengo absolutua baliatuz betoa ezarri diote agerraldiari.

"Ondorioz, Apasoseko emakumeek ezin izango dute lekukotasunik eman zentro publiko horretan jasandako erasoei buruz, ezta gai larri honi dagokionez udal gobernuak egindako jarduera negargarriari buruz ere", salatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak, ohar bateratu batean. "Oso larria da XXI. mendean eta emakumeen aurkako era guztietako eraso matxistak areagotzen ari diren honetan, argudio sasi-juridikoak erabiltzea, indarkeria matxista salatzen duten emakumeei Arabako parlamentuko egoitzan ahotsa ukatzea", gaineratu dute.

Gainera, bi udal taldeek Udalari aurpegiratu diote "ezer gutxirako edo ezertarako ez dutela balio adierazpen instituzionalek eta diskurtso sasi-moreek, baldin eta, arduradun politikoen edo instituzionalen jarduera zalantzan jartzen den unean, interes alderdikoiak gailentzen badira edozein matxismo motari zilegitasuna kentzeko".

Egunotan, Armentiako txakurtegiko sexu abusuen auziko lekukoen deklarazio judizialak daude martxan. Ustezko erasotzaileaz gain, hainbat udal arduradun daude ikerketapean delituak eragozteko betebeharra ez betetzeagatik omisio delitua egotzita.

"Asko dute ezkutatzeko"

Halaber, Apasos elkarteak betoa salatzeko beste ohar bat plazaratu du astearte honetan: "EAJk eta PSEk asko dute ezkutatzeko Arabako Batzar Nagusietan guk deklaratzea eragozten digutenean", kirtikatu dute. "Ez dago arrazoi zilegirik; egia argitara aterako da, eta, bitartean, erretratatuta gelditzen ari dira gu isilarazten saiatuz".

"Gasteizko gizarteak ez du merezi gehiengo absolutuaren arrabola aplikatzea, udal txakurtegian gertatutakoaren egia ebasteko. Lau emakumeri sexu abusuak egitea eta zazpi boluntariori tratu iraingarria ematea; hori guztia, gutxienez, zortzi hilabetez ezagutu zuten epaitegian deklaratu duten Udaleko funtzionarioek", adierazi du Apasosek.

Nuria Perez-Carcamo Apasoseko presidentearen ustez, "ikertuak Udaleko langileak ez balira, Gurtubai alkateordeak estali zituenak, EAJ-PSE pankartaren atzean izango genituzke, gure ondoan, emakumeen aldeko argazkian".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide