Sexu abusuen auzian "omisioagatik", Gasteizko txakurtegiko lau arduradun ikertuko ditu epaileak

Erredakzioa 2021ko mai. 21a, 12:00

Sexu abusuen auziaz arduratzen den epaitegia udal txakurtegiko lau arduradun ikertzen ari da ustezko omisio delituagatik; horien artean, Iñaki Gurtubai zinegotzia. Bere aldetik, Udalak bertan behera utzi du Apasos-ekin zuen lankidetza hitzarmena.

Gasteizko 4. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epaileak Armentiako udal txakurtegiko hiru arduradun gehiago deitu ditu deklaratzera, animaliak babesteko Apasos elkarteko zazpi boluntariok jasandako sexu abusuen kasuan izan duten jokabidea ikertzeko. Ustezko omisio delitua ikertuko du epaileak, delituak eragozteko betebeharra ez betetzeagatik.

Dagoeneko lau dira Udalean zein udal gobernuan ardurak dituzten ikertuak. Besteak beste, Iñaki Gurtubai zinegotziaren aurkako karguak aurkeztu zituen Apasos elkarteak, ustezko prebarikazioagatik. Beraz, zinegotziak ere epailearen aurrean deklaratu beharko du, ikertu gisa.

Auzia argitara atera zenetik, Apasos elkarteak salatu du udal txakurtegiko arduradunek 2019ko irailean ezagutu zutela kasua, eta ez zuela ezer egin. Elkartearen arabera, Udaleko arduradunek ez zuten Indarkeria Matxistaren aurkako Protokoloa aktibatu: "Ez da aktibatu, ezta zitazio berri hauetarako adina ebidentzia dauden kasu bat ikertzeko ere".

Udal txakurtegiko ustezko sexu abusuen auzia 2020ko uztailean atera zen argitara, eta, horren aurrean, Gasteizko Udalak salaketa aurkeztu zuen Arabako Fiskaltzaren aurrean.

"Oso larria da"

Aste honetan, Apasos elkarteak ohar bat plazaratu du auziaren inguruko azken nobedadeen berri emateko, eta horien inguruko balorazioa egiteko: "Oso larria da zinegotzi batek, arduradun tekniko batek eta bi udal langilek inputatu gisa deklaratzea, sexu erasoengatik espetxean dagoen gizon baten kasu berean", salatu dute.

Jakinarazi dutenez, Iñaki Gurtubai zinegotziak ekainaren 9an deklaratu beharko du; albaitariak, txakurtegiko taldeburuak eta Udaleko Osasun Unitateko arduradunak hurrengo egunean deklaratuko dute, sexu erasoak egotzita gaur egun prebentziozko espetxealdian dagoen langilearekin bezala.

"Gasteizko gizarteak oso larria eta eraisgarria den zerbait jakin behar du", azpimarratu du Nuria Perez-Carcamo Apasos elkarteko presidenteak. "Udalari lotutako lau pertsonak horien artean Gurtubai zinegotziak adinako erantzukizuna duen batek ikertutzat deklaratuko dutela, argitzeko ea sexu abusuak ezkutatu ote zituzten edo ikertzeari utzi ote zioten", gaineratu du.

Hitzarmena bertan behera

Gasteizko epaitegiaren azken probidentzia judizialak (zitazioak jakinarazi dituenak), Udalaren beste erabaki batekin kointziditu du egutegian. Izan ere, egun berean, asteazken honetan, Armentiako Animaliak Babesteko Zentroan lan egiteko Apasos elkartearekin zuen lankidetza hitzarmena bertan behera uzteko erabakia jakinarazi zuen udal gobernuak, 17 urteko elkarlanaren ostean.

Zentroa hobetzeko "desadostasunak" aipatu zituen Urtaranen gobernuak, eta hutsunea "baliabide propioekin" beteko du hemendik aurrera.

2020ko udan sexu abusuen kasua argitara eman zenetik, hainbat kereila aurkeztu dituzte Apasos-ek eta Gasteizko udal gobernuak elkarren aurka; horiek guztiak ikerketa judizialaren fasean daude une honetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide