Nuria Perez-Carcamo

"Protokoloak aktibatu ordez, gu isilarazten saiatu da Udala"

Mirian Biteri 2021ko eka. 11a, 08:00

Apasos elkarteko presidente Nuria Perez-Carcamo

Apasos Animalien Babeserako Elkarteko Nuria Perez-Carcamok gogor kritikatu du Gasteizko Udalak izandako jarrera, Armentiako txakurtegian ustez izandako sexu-erasoen aurrean. 

Elkarteko presidente Nuria Perez-Carcamok 2019. urteko irailetik Armentiako udal txakurtegian gertatutakoaren berri eman dio ALEAri, eta auzia gaur egun zein puntutan dagoen azaldu du datozen lerroetan.

17 urteko elkarlanaren ostean, Gasteizko Udalak bertan behera utzi du Apasos elkartearekin zuen lankidetza hitzarmena. Zer arrazoi eman ditu bertan behera uzteko?

Udalak bere webgunean argitaratu zuen, eta 12 egun geroago nire lanera helarazi zuen, bi udaltzainen bidez, hitzarmena eteteko arrazoiak jakinarazteko eta azaltzeko gutuna. Txakurtegian egiten ari zen aldaketa-prozesu berrira egokitzen jakin ez dugula argudiatu dute, ez dugula arau eta protokolo berririk onartu nahi izan, animalientzako hobekuntza gisa defendatu dituztenak. Eta hori ez da horrela. Azken urte honetan etengabe errepikatu diegu txakurtegiaren funtzionamendua hobetzeko arau eta protokolo berriak ezartzearen alde gaudela, betiere animalien ongizatea bermatzen badute. Benetako arrazoia esan beharrean, aitzakia bat bilatu dute hitzarmena bertan behera uzteko.

Elkartearen ustetan, zer dago erabaki horren atzetik? 

Argi daukagu erabaki honen atzean, txakurtegiaren udal-instalazioetan gertatzen ari ziren sexu-erasoen biktimak babestearren, elkartearen kontra martxan jarritako mendekua dagoela. 

Zer da zehazki Armentiako udal-txakurtegian gertatu dena?

2019ko irailean, gehiegikeriengatik salatutako langilearen lankide batek pertsona horren jokabidearen berri eman zien bere nagusi hurrenei; txakurtegiko langileak ere zirenak. Erantzunik jaso ez zuenez, gertaera horien berri eman zion osasun publikoko unitateko arduradunari. Bera Apasoseko garai hartako bitartekariarekin harremanetan jarri zen, eta hiru boluntario topatzeko eskatu zion; tartean, ni nengoen. Pertsona horri buruz galdetu zidatenean, zuzenean esan nuen nire lankideei sexu-jazarpena egiten ziela. Bitartekariak Udalari jakinarazi omen zion. Mugimendurik ez zegoenez, 2020ko otsailean abokatu batekin harremanetan jarri ginen gertatutakoa azaltzeko. Une horretan, salaketa administratibo bat aurkeztu genuen sexu-abusuagatik eta tratu iraingarriagatik, ikerketa egiten zen bitartean kautelazko neurriak ezar zitezen eta salatua beste postu batean jarri zezaten.

"Salaketa jarri eta gutxira, sexu-abusuengatik salatu genuena espetxean sartu zuten sexu-erasoagatik, eta oraindik bertan jarraitzen du".

Eta horrela izan zen?

Ez. Udaletik guri eskatu ziguten txakurtegira ez joateko bera lanean ari zen bitartean. Salaketa jarri eta gutxira, sexu-abusuengatik salatu genuena espetxean sartu zuten sexu-erasoagatik, eta oraindik bertan jarraitzen du. Orduan, Iñaki Gurtubaik, Giza Baliabideetako zinegotziak, administrazio-espediente bat ireki zuen sexu-abusuengatik salatutako pertsonaren aurka bakarrik, baina ez salatuta zeuden hiru arduradunen aurka; horien kontra ere administrazio-espediente bat ireki behar zuen, eta horregatik dago salatuta eta ikertuta prebarikazioagatik.

Eta horrek ondorioak izan ditu? 

Bai. Salaketa horren ondorioz, elkartetik kanpoko pertsonak sartu ahal izan diren instalazioetara sartzea galarazi digute, eta baita osasuntsu zein gaixo dauden animaliak harreran ateratzea, gure zaintzan dauden animalia gaixoak albaitariarengana urgentziaz eramatea, hala eskatzen zuten animaliei pentsu espezifikoak ematea edo animaliei argazkiak ateratzea eta haiei adopzioa edo harrera bilatzea. Adibideak baino ez dira horiek.  

Zein izan da udal gobernuaren jarrera horren aurrean?

Udala, indarkeria matxistaren aurkako protokoloak aktibatu beharrean, gu isilarazten saiatu da; nire aurka salaketa bat jartzera ere heldu da. Gogoan izan behar da gertakariak udal instalazio batean gertatu zirela eta egilea udal langile bat izan zela. Udala ikur morearekin eta pankarta atzean jartzen da erasoren bat dagoenean edo egun seinalatuetan, baina benetan bere esku dagoenean zerbait egitea, ez du egiten. Hasieratik gu Apasosetik botatzen saiatu da; eta barrutik kanporatzerik izan ez duenez, ateak itxi dizkigute, txakurtegian gure lana egin ez egiteko. 

Epaitegian dago auzia. Nobedaderik al da horren inguruan? 

Oraingoz, daukagun berria da bertan behera utzi dituztela egunotarako aurreikusita zeuden deklarazio guztiak, epailea gaixorik dagoelako. Ez dakigu noiz izango diren. Kasu honetan larria da Gurtubairen ardurak dituen zinegotzi batek eta beste hiru udal arduradunek ikertu gisa deklaratzea udal instalazio batean gertatutako sexu-abusu kasu batean. Horrek aditzera ematen du udal gobernuak gai honetan duen jardunaren larritasuna.

"Gasteizek badaki 17 urtez egin dugun lan handia zein den, funtzionarioek inoiz ordezkatu ahal izango ez dutena".

Ostiralean elkarretaratzea deitu zenuen guztia salatzeko.

Bai, eta pozik gaude pertsona askoren babesa dugulako. Izan ere, pertsona horiek, gu bezala, ez daude prest sexu-abusuen biktima batzuen aurkako mendekuaren ondorioz abandonatutako animaliak babesik gabe eta Apasosek ematen zien zaintzarik gabe uztea. Gasteizek badaki 17 urtez egin dugun lan handia zein den, funtzionarioek inoiz ordezkatu ahal izango ez dutena. Eta, jakina, biktima gisa ere babestuta sentitzen gara. Udalak emandako tratuaren ondoren, kalera irtetea eta jendeak gu sinisten gaituela eta gurekin dagoela esatea, erakundeei aurre egiteko prest dagoela, garrantzitsua da eta indarra ematen digu.

Bestelako protestak badituzue martxan; tartean, sinadura bilketa. 

Hala da. Sinadura bilketa bat dugu martxan change.org plataforman, gure sareetan zabaldu duguna eta jende guztia parte hartzera animatzen duguna; dagoeneko 7.300 sinaduratik gora jaso ditugu. 

Besteak beste, Apasos berriz onartzeko eskatzen diozue Udalari...

Bai, noski, Udalak Apasos berriro onartu behar du, hitzarmena alde bakarrez eta aitzakiekin hautsi duelako, ez arrazoiekin. Argi daukagu animalientzat onena Apasos txakurtegian lanean aritzea dela, eta, gainera, ez da ahaztu behar hitzarmena haustea biktimei zigorra ezartzea dela, erakundeek esaten dutena egiteagatik: sexu-abusuak salatzea. Gasteiztarrak ez daude prest abandonatutako animaliak babesik gabe eta gure arretarik gabe geratzeko. Gu ere ez. Gure borroka haiek zaintzen jarraitzeko izan da. Baina, jakina, ezin diogu Udalari horrela mendeku hartzen utziko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago