Azken 48 orduetan bi langile hil dira lan istripuetan, Gasteizen eta Aiaraldean

Erredakzioa 2021ko eka. 10a, 20:00
Eusko Jaurlaritzako Lakua I eraikinean hildako gizonaren lankideen protesta. / LAB

Asteartean, langile bat Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzako eskailera-zulotik behera erori zen, eta hurrengo egunean hil egin zen lesioen ondorioz. Ostegun honetan, garraiolari bat hil da Orozkon, atzo jasandako zaurien ondorioz.

Astearteko 14:00ak aldera, 48 urteko gizonezko bat Eusko Jaurlaritzaren egoitzako Lakua I eraikineko eskailera-zulo batetik erori zen; larri zaurituta eraman zuten Santiago ospitalera, baina bertan hil zen ordu gutxi batzuetara. Ertzaintza istripua nola gertatu zen ikertzen ari da.

ELA sindikatuak prebentzio-ordezkariekin izandako "jarrera lotsagarria" aurpegiratu dio Eusko Jaurlaritzari: "Ordezkariei istripuaren berri ez emateaz gain, uneoro ezkutatu die ikerketari buruzko informazioa, eta ordezkariak kasualitatez bildu dira ikerketa abian zuten Osalaneko teknikariekin. Horrelako jarrerak eta informazioa ezkutatzea ez dira inolaz ere onargarriak", salatu du sindikatuak.

26 lan istripu hilgarri

2021ean, Euskal Herrian, dagoeneko 26 langile hil dira lan istripuetan, LAB sindikatuaren datuen arabera; horietako lau Araban izan dira edo langile arabarrei eragin diete.

Urteko lehen lan istripu hilgarrian, otsailean, FCCko langile bat hil zen, lan istripu ez traumatiko batean; bihotzekoak eman zion lanean ari zela. Bigarrena Donemiliagan gertatu zen handik egun gutxi batzuetara, A-3020 errepidean; orduan, garraiolari bat hil zen bi kamioiren arteko talka baten ondorioz. Arabako langileei eragindako hirugarren lan istripu hilgarrian, maiatzean, langile gasteiztar bat zendu zen Basaurin, teilatu batetik erorita.

Hildako beste langile bat Orozkon

47 urteko garraiolari bat bat hil egin da azken orduetan ospitalean, garraiatzen ari zen zamak harrapatu zuenean eragindako lesioen ondorioz. Oiartzungo Transportes Gexako langileak Orozkoko (Bizkaia - Aiaraldea) BP gasolindegian izan zuen istripua, asteazkeneko 19:00ak aldera.

Osalanen arabera, dimentsio handiko beira piezak eusteko egituraren barruan harrapatuta geratu zen langilea; beste lankide batek topatu zuen zauritutako gizonezkoa. Hainbat iturrik zabaldu dute Laudioko Guardian lantegiko materiala garraiatzen ari zela, baina Gexa enpresak informazioa ezeztatu du: Frantzian kargatutako materiala Asturiasera garraiatzen ari zen, eta Orozkon geldialdia egin zuen, enpresak azaldutakoaren arabera.

LAB sindikatuak azken 48 orduetan hildako bi langileen "familia, lankide eta gertukoei elkartasun eta babesa" adierazi die, ohar batean. Horrekin batera, garraioaren sektoreko lan baldintzak "gero eta prekarioagoak" direla salatu du sindikatu abertzaleak. Gainera, garraiolarien lan istripuak estatistika ofizialetan azaltzen ez direla kritikatu du LABek, "errepide istriputzat" jotzen direlako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide