Lan heriotza

Langile gasteiztar bat hil da Basaurin, teilatu batetik erorita

Erredakzioa 2021ko mai. 13a, 12:30

Lan istripua Basauriko Acenomar enpresan gertatu da. / GOOGLE EARTH

49 urteko langile gasteiztar bat hil da lan istripu baten ondorioz. Basauriko (Bizkaia) Arteagoiti industrialdeko Acenomar enpresan zegoen, konponketa lanak egiten, eta teilatutik erori da.

Basauriko Acenomar izoztuen enpresak beste konpainia bat azpikontratatu du hainbat konponketa egiteko. Langile gasteiztarra teilatua aztertzen ari zen metakrilatozko zati bat erori denean; hortaz, behargina hamar metroko altueratik erori da eta bertan hil egin da, zaurien ondorioz.

Larrialdi zerbitzuek 9:40ak aldera jaso dute abisua, eta bertaratu diren osasun langileek heriotza egiaztatu besterik ezin izan dute egin. Orain, lan istripu hilgarriaren arrazoiak ikertzen ari dira.

LAB sindikatuaren datuen arabera, Euskal Herrian 22 lan istripu hilgarri erregistratu dira 2021ean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago