Aurtengo lehen lan istripu hilgarria Araban: FCCko langile bat hil egin da

Erredakzioa 2021ko ots. 1a, 12:14

Kale garbiketako FCC enpresako langile bat hil egin da Gasteizen, istripu "ez traumatiko" baten ondorioz. Antza denez, bihotzekoak eman dio lanean ari zela.

Kale garbiketako langilea, FCC enpresakoa, San Martin auzoan zebilen lanean, garbiketa-orgatxoarekin. 55 urte zituen eta astelehen goizean kalean aurkitu dute; antza denez, bihotzekoak eman dio. Osasun zerbitzuak suspertzen saiatu dira, baina ez da posible izan eta bertan hil egin da.

2021ean Araban jazotako lehen lan istripu hilgarria da. Dagoeneko bost langile hil dira aurten lan istripuz Euskal Herrian; lan gaixotasunen ondorioz hildakoak kontuan hartu gabe. Bitartean, Joaquin Beltranen gorpuak Zaldibarko zabortegian lurperaturik jarraitzen du iazko otsailaren 6tik.

LV RSU aldi baterako enpresa elkarteko (FCC-GMSM) langileen batzordeak UGT, ELA, LAB eta CCOO "lan istripu ez traumatikoan hildako lankidearen familiari doluminak" eman dizkio, eta elkarretaratzea deitu du lankidearen oroimenez; otsailaren 3an, asteazkenean, 13:00etan Aguirrelanda kaleko enpresaren instalazioetan.

Lan istripu ez traumatikoa

"Azken lau egunetan, hiru langile hil dira bihotzekoak jota. Ostiralean Bilbon, Sader enpresako 57 urteko langilea, eta larunbatean Derion, 52 urteko langilea, Bizkaiko Foru Aldundiko Errekalde zentroan", jakinarazi du LAB sindikatuak, premiazko ohar batean.

"Larritzekoa da istripu hilgarri ez traumatikoen gorakada. Istripu guztien atzean lan eta bizi baldintza kaxkarrak aurkitzen dira. Istripu ez traumatikoak bilakatu dira laneko istripu hilgarrien lehen arrazoia", ohartarazi du LABek.

Sindikatu abertzalearen ustez, "lan istripuak, traumatiko zein ez traumatikoak, ez dira zoriak edo kasualitateak sortuak; ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago