San Prudentzio

Erretreta telematikoa, Iradier Arenako ekitaldia eta danborrada balkoietatik

Erredakzioa 2021ko api. 27a, 22:20

Erretreta joaldiak Gorbeian, Añanako Gatz Haranean, Sorginaren Txabolan eta Kexanan. / AFA

Bigarren urtez pandemiak markatutako San Prudentzio eguneko zein bezperako ekitaldien irudiak ALEAn ikusgai. Musika eta dantza ikuskizuna Felix Petite Antzokian, erretreta joaldiak eta Iradier Arenako ekitaldia. Asteazkeneko 9:00etan, Araba Zortzikoa.

Pandemia dela eta, bigarren urtez jarraian ez da San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jairik ospatuko, baina Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak hainbat ekitaldi antolatu dituzte tradizioa omendu eta bizirik mantentzeko. Ospakizunak apirilaren 22an hasi ziren Santa Maria Katedralean eta maiatzaren 1era arte iraungo dute, modu batean edo bestean.

Musika eta dantza ikuskizuna

Bezperako ospakizunak Ibaiondo Gizarte Etxeko Felix Petite Antzokian hasi dira. 19:00etatik 20:00etara bitartean, Udal Folklore Akademiak, Indarra Dantza Taldearekin batera, musika eta dantza ikuskizuna eskaini du publiko mugatuaren aurrean:

 

Erretreta hotsak, Iradier Arenatik

Bestalde, Aldundiak erretreta berezia antolatu du Iradier Arenan, 21:00etatik 22:20ra. Bertan ez da ikuslerik egon, baina kasu honetan ere streaming bidez jarraitzeko aukera izan da Arabako Foru Aldundiaren webgunean.

Ramiro Gonzalez diputatu nagusiaren mezuaz gain, Arabako leku enblematikoetan Añanako Gatz Haranean, Gorbeian, Sorginaren Txabolan eta Kexanan aldez aurretik grabatutako erretretako joaldiak izan dira saio berezian.

Ondoren, laurdenetan, zuzeneko lau emanaldi izan dira:

  • Iñaki Palacios & The Gaels, Baltik
  • Euskal dantzak, Arabako Dantzarien Biltzarraren eskutik.
  • Iñaki Palacios & The Gaels, Baltik
  • Gasteizko danborradaren erakustaldia
Sanprudentzioetako erretreta tradizionala / Tradicional retreta de San Prudencio

22:15 | Danborrada balkoietan

Danborrada hirian zehar entzun da 22:15etik 22:45era, Alde Zaharreko lau dorreetan eta hiriko beste hainbat elizatan dauden bozgorailuen bitartez. Ekitaldia Aldundiak antolatu du, Gasteizko Danborradako Gastronomia Elkarteen Taldearekin elkarlanean. Balkoietatik danbor hotsak entzunaraztera gonbidatu dituzte Arabako herritarrak.

Apirilak 28 | Araba Zortzikoa

Apirilaren 28ko 8:00etatik 22:00etara, Armentiako zelaietara joateko mugak ezarriko dira, horiek hesitu eta sarbideak kontrolatuko baititu Poliziak. Gainera, beharrezkoa bada, zirkulazioa itxi egingo da hainbat kaletan.

San Prudentzio eguneko ekitaldi nagusia Araba Zortzikoa-ren interpretazioa izango da, Aldundiko txistularien, tronpetarien eta atabalarien bandaren eskutik, 9:00etan Probintzia plazan. Bertan izango dira Arabako erakunde nagusietako agintariak, baina herritarrek ez dute bertaratzeko aukerarik izango.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago