SAN PRUDENTZIO

Nola aldatu diren jaiak, kamarada?

Juanma Gallego 2021ko api. 26a, 06:00

Jaiak bizitzeko eta kontatzeko moduak horrenbeste aldatu al dira? Ezezkoan gaude. / GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA

San Prudentzio aspalditik ospatzen denez, urtez urte horren gaineko kontakizunak egin dituztenek irudimenaren bidea jorratu behar izan dute, albisteak eta erreportajeak inprentara bidali aurreko presak asetzeko. Kazetari anonimoek jardun horri ekin behar izan diote azken mendean zehar, eta askotan maisutasunarekin gainditu dute erronka. Horiei, gure omenaldi zintzoa.

Beste behin, santu txizatia omentzeko egun handia iristear da. Jaia, poza eta algara, arabar guztion bihotzean! Modu berdinean, eta Pulitzer sariak ekainaren 11ra atzeratu duten honetan, Arabako euskaldunon aldizkariko erredakzioan, urteko erreportajerik distiratsuena zeinek landuko duen erabakitzeko tirabira sutsuak izan dira.

Aitortu beharko: festak historian izan duen ibilbidea aski ezaguna da arabar gehienen artean, eta, urtez urte, egitarauak aldaketa gutxi izan ohi ditu. Aurtengo egoerak, bigarrenez, are gehiago txikiagotu ditu aukerak. Dona, dona, katona... Halakoetan, historiaren altzora joatea da hoberena. Tira, horretan ere, askorik ez dago. Horregatik, ez genuke errepikatu behar erromeriaren abiapuntua gutxienez 1483. urtea baino lehenago gertatu zela, urte horretakoa baita ospakizunari erreferentzia egiten dion lehen agiria. Are gutxiago aipatu beharko genuke santuaren ustezko erlikiak 1580. urtean ekarri zituztela Errioxatik, Clavijo herriko Laturce monasteriotik. Burutik ere ez zaigu pasako esatea 1644. urtean Arabak patroi gisa hartu zuela San Prudentzio. Eta vox populi da 1926ra arte Gasteizko Udalak baino ez zuela jaia ospatzen, arabar guztiak ez zeudelako ados lurraldearen patroia zein izan behar zen ebazteko orduan. Urte horretatik aurrera, baina, Diputazioa ere antolakuntza lanetan sartu zen.

Hortaz, ia gehiena esanda dago San Prudentziori buruz, eta urtero errepikatzeak ez dio batere mesede egiten laugarren boterearen atzean ezkutatzen den irudimen eskasari. Hori guztia dela eta, birfrijituaren arte zintzoak berezko mugak dituenez, aurten prentsa historikotik berreskuratutako pasarteei erreparatu nahi izan diegu, horietan zinez harribitxi txikiak aurkitu daitezkeelako. Gehienetan, sinatu gabeko oharrak dira, eta, horregatik, idazki horien egileei ezin diegu aitortu beraiek ere urtez urte birfrijituak egin behar izateko beharrari begira erakutsi zuten maisutasuna.

1897ko San Prudentzio egunera goaz zuzenean. La Libertad egunkarian agertutako kronika batera. Bertan, lanbidean prebia edo aurretiko kronika deitzen den horietako batekin konpondu zuten eguna. –Bai, seguru asko noizbait irakurri duzula "ekitaldi sorta zabala egingo dute ez dakit non" eta horrelakoak dioten albisteak, baita gurean ere–. Bada, egun horretan kazetariak hamabi paragrafo osatu zituen fundamentuzko ia ezer kontatu gabe, erredakziotik atera eta orrazkera desegin gabe. Heroia. Bi abesti tradizionalen pasarteak ere txertatu zituen albistean. Kirmen Uriberen irakurle finek ondo dakiten moduan, poesiak hitz gutxirekin lerro osoak eta liburuak betetzeko aukera ematen du. "Kanpaiek alaitasunez joko dute, eta herriko zelai ederra erromesez beteko dira".

Norabide berdinean, lerroak bete behar direnean, eguraldiaren karta jokatzea beti eskura dagoen trikimailua da. Ez pentsa eguraldiaren araberako San Prudentzioa gaur egungo kontua denik, duela mende bat ere hori omen zen kezka nagusietako bat, eta inprentako karaktereak betetzeko zein solasaldi behartuak asetzeko aitzakia bikaina zen, gaur den moduan. Aukera horri ere eutsi zion kazetariak. Euririk ez egitea espero du! "Izan ere, euriak ilusioak zapuztuko lituzke, eta arratsaldeko dibertsioan pentsatzen ari diren aurpegi irribarretsu eta animatuak zaputz eta triste bihurtuko lituzke". Dena ondo bidean, arabar zintzo guztiek espero zuten festaren amaiera behar bezala ospatu ahal izatea. "Ondoren, bazkari gosegarria, belar fresko eta bustiaren gainean; eta, beranduago, itzalak mendietatik jausten direnean, eta zeruetan izarrak azaltzen direnean, zalgurdien artean festatik bueltatzea, tiroen kaskabilo soinuaz lagunduta; zartailuaren zartak, eta kantuka bueltatzen direnen oihu alaiak, lurraldean hain berezkoak diren abestiekin osatuta".

Dantzaldi historikoa

1916an, bederen, zer kontatzerik egon zen, eta nabarmen geratu zen kazetaria gutxienez kalera atera zela. Egunkari berdinean San Prudentzio egunean zabaldu zen kronika xume bezain ederra jaso zuten. Azalari erreparatuta, Europa erdia Lehen Mundu Gerran murgilduta zegoen, eta frantsesak eta alemanak elkarri sarraskitzen ari ziren Verdunen. Araban gauzak zeharo lasaiago zeuden, eta kontakizunak egun handiaren bezperako giroa jasotzen du. Suziriak eta bonbak botatzen hasi ziren, "eta jende guztia atera zen kalera, zinez ederra zen gau baten altzoan". Zortzietan, eta erretretarekin lagunduta, plazako kioskora igo zen La Artística izeneko taldea, eta bi orduz luzatu zen dantzaldia –"jo eta jo" omen–, bertaratutakoek etengabean abestiak eskatzen zituztelako. Ez du ematen une historiko hori lehen eskutik bizitzeak kazetariaren bizitza markatuko zuenik, baina, aizue, ziur ez zuela irudikatuko mendebete pasata haren kronika hori berriro jasoko zenik, non eta vascuencez idatzitako hedabide batean, gainera. Pandemia baten erdian eta Martera helikoptero txiki bat zabaldu berritan, ziberespazioan betikotu da La Libertad egunkariko lumatxo anonimoa. 

Ez du ematen une historiko hori bizitzeak kazetariaren bizitza aldatu zuenik

Aurrekoan bezala, eta egun handiari begira, eguraldiari erreferentzia egitea ezinbesteko osagaia da. Bada, eta kronikaren arabera, bazirudien eguraldi eskasak jai giroa zapuztu behar zuela. "Bederatzien bueltan zerua beltz eta itsusi jarri da, eta berehala hasi da euria, baina, hasten zen momentuan bukatzen zen, lurra apenas jo gabe". Bost minutu iraun du sustoak, baina eguzkia atera zen gero.

Politikariak, lehen lerrora

Une dramatikoa igarota, agintariak argazkian ateratzeko unea iristen da beti. Edo dagerrotipoan. Horretan, ezer gutxi aldatu da. Urte horretan, Guinea eta Castresana probintziako diputatuak lehentasunezko tokian eseri ziren katedralean, meza lehen eskutik entzun ahal izateko. Mozal legerik ez zegoen garai horretan, Miñoien nagusia ere alboan zuten. Modernitatearen eta tradizioaren arteko lotura estu batean, "Maitasun Ederraren Amaren aldarea ederra zegoen, bonbilla elektrikoekin". Ondorengo prozesioan, on Guillermo Elio alkatea eta alkateordeak aipatu behar. Ez irudikatu pasarte hau NO-DOaren ahotsarekin, horretarako ia hiru hamarkada falta ziren-eta. Bezperan Araneko landan egindako "euskal erromeria" bat aipatzen du kazetariak, txistulariekin eta ezpata-dantzariekin lagunduta. Hori bai, dena ez da jaia izango, eta JEL leloari eutsita, hamarretako mezara "nazionalista ugari" bertaratu omen ziren. Arratsaldeko erromeriari begira, zerbitzu publikoko oharpena: "Dena hobeto aterako da istilu desatseginik ez bada gertatzen, eta elementu gazteak bateragarri egiten baldin baditu –hala delako–, dibertsioa eta guregan jaiotzetikoa den kultura".

Hamalau urte igarota, 1930ean, guztiz bestelako eguna jaso zuten Heraldo Alavés egunkarian. San Frantzisko komentuaren eraisteari buruzko polemika zegoen azalean, baina, festei dagokienez, euriak hartu zuen protagonismo osoa. "Seguruenera ez zuen horrenbeste euririk egin Noeren garaietatik". Ez pentsa, bada, hiperbolea Vocenton asmatu zutenik. Halere, eguraldiak ez zituen gazteak uxatu. "Zuek uste al duzue uholdeak jende gaztea beldurtu zuela? Ezetz ba. Urpeko dantzaldia izan zen hori".

Bi urte ondoren, Pensamiento Alavés egunkariak ordeztu zuen aurrekoa, eta, haren ideologia katoliko eta tradizionalistari jarraiki, bertako kronikek erabateko protagonismoa eman zioten jaiaren arlo erlijiosoari. 1939ko kronikan, Espainiako Gerra Zibila bukatu eta Frankismoa ezarri berritan, Hitlerren diskurtso baten gaineko erreakzioak eta behi haragia eskuratzeko errazionamendu-liburuxkei buruzko albisteen artean dago San Prudentzioko ospakizunei buruzko oharra. 

Orain bai, NO-DOaren ahotsa buruan irakurtzen dira hoberen pasarteak. "Gaur poza adierazi behar dugu, ikustean arabar tradizioa berragertzen, distiratsu". Bukatu dira algarak; mezek eta koro erlijiosoek hartu dute erabateko lehentasuna. Ondoren, Armentia inguruko zelaietako "familia giroko" ospakizuna. Hitzez hitz, "Arabak bere gauzei jarri ohi dizkien sena eta baretasun patriarkala" lagun. "Patriarcal serenidad", aizue, saiatu hori hobetzen.

Handik gerokoak, ezagunagoak dira. Bestela, galdetu adinekoei: lehen eskutik istorio izugarriak kontatuko dizkizuete. Guk gure zatia bete dugu, eta ondorio argi bat atera dugu: Tik-Token tximinokeriak egiten ditugu orain, baina, funtsean, jaiak ez dira horrenbeste aldatu, ezta horiek kontatzeko moduak ere. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago