Asteazken honetan, apirilaren 28an, kontrol eta zaintza berezia ezarriko dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Armentian, San Prudentzio eguna dela eta. Polizia zelaietan egongo da, sarrera kontrolatzeko eta bertan gasteiztar asko elkartzea saihesteko.
Gainera, edukiera mugatuko da eta Armentiako zelaiak zedarritu egingo dira. Sarrera zein irteera eremu bana izango dira, biak ere basilikaren ondoko aparkalekuan. Era berean, Armentiara sartzeko bideetan trafikoa kontrolatuko du Udaltzaingoak, eta bizilagunen, zerbitzu publikoen eta Tuvisako autobusen zirkulazioa baino ez da baimenduta egongo.
Nolanahi ere, Armentiara ez joateko eta ospakizunak hurrengo baterako uzteko gomendioa zabaldu du Udalak. "Pertsona guztien osasuna babesteari eman behar zaio lehentasuna orain, eta, horretarako, ezarritako neurri sanitarioak zorrotz bete eta jende pilaketak saihestu behar dira", azaldu du Herritarren Segurtasunerako Saileko zinegotzi Marian Gutierrezek.