Bigarren urtez jarraian, aurten ere ezin izango dira jaiak ospatu, baina ostegun honetan Santa Maria katedralean eman zaie hasiera San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren omenezko ekitaldiei. Arabako Foru Aldundiak antolatu ditu, Arabako lehen jaiak ziren haietan parte hartu ohi duten erakundeekin batera.
Irekiera ekitaldia 19:30ean hasi da, eta Maite Ruiz de Austri zuzendari eta gidoigile arabarra izan da zeremoniako maistra. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak ere parte hartu du, eta Alos Quartet taldeak eta Amaia Elizaran dantzariak ikuskizuna eskaini dute.
Ekitaldiak
Asteartean, 21:00etatik aurrera, Iradier Arenatik zabalduko dira San Prudentzioko erretreta hotsak. Aldundiak ekitaldi berezia antolatu du, ikuslerik gabe. Streaming bidez jarraiatu ahal izango da. Erretreta deialdiekin batera, musika, euskal dantzak eta danborrada ez dira faltako.
Gasteizko Udalak antolatutako erretreta, berriz, 19:00 eta 20:00etan eskainiko dute Ibaiondoko Felix Petite antzokian. Musika eta dantza tradizionaleko ikuskizuna izango da, Udalaren Folklore Akademiaren eskutik eta Indarra dantza taldearen lankidetzarekin. Gonbidapen bidezko sarrera beharko da honetan, baina streaming bidez ere emango dute.
Danborrada nagusiari dagokionez, aurten ere balkoietatik egingo da, 22:15ean.