Martxoaren 15ean, Arabako hiru parke eolikoen administrazio-baimenaren eskaerak argitaratu zituzten lurraldeko aldizkari ofizialean (ALHAO). Hortaz, hilabeteko epean, ingurumen azterketa egingo da eta alegazioak aurkezteko jendaurreko informazioaren izapidea zabalik dago.
Proiektuen kontrako mugimendua, Arabako Mendiak Aske plataforman bilduta, alegazioen kanpaina masibo bat sustatzen ari da egunotan. Testuinguru horretan, asteburu honetan albiste erabakigarri bat iritsi da Iturrietako mendietako proiektuaren eraginpean dauden bi herritatik.
Ostiralean, bertan proiektatutako zentral eolikotik kilometro bat baino gutxiagora dagoen Erroetako (Arraia-Maeztu) batzar administratiboaren gehiengoak ezezkoa eman dio proiektuari. Arabako Mendiak Aske plataformak jakinarazi duenez, gainera, kontzejuak idazki bat helaraziko die erakundeei, proiektuarekiko bere aurkakotasuna adierazteko.
Horrekin batera, larunbat honetan, Gereñu (Iruraiz-Gauna) kontzejuan egin da bozketa, eta aho batez uko egin diote proiektuari, kontrako hemezortzi botorekin. "Herri osoak bozkatu dugu kontra. Ziur al zaude Suso jauna herriak gure mendietan munstro eolikoak babesten dituela?", galdetu dio plataformak Jose Antonio Suso ABBko presidenteari; izan ere, duela egun batzuk inguruko herriek proiektua babesten zutela adierazi zuen.
Gainera, asteburuan zehar, bi herrien ezezko horiei beste lau gehitu zaizkie: Jauregi, Gazeo eta Trokoniz herrienak, eta Iruraiz-Gaunako Udalarena.
Kontzejuen babesa
Albiste garrantzitsua da Erroeta eta Gereñuko kontzejuek parke eolikoen proiektuari uko egin izana. Izan ere, zuzenean eragindako kontzejuen babesa berebizikoa da proiektuak aurrera egiteko.
"Kontzejuak zentral eolikoaren proiektuaren aurka badaude, ez dugu proiektua izapidetuko", ziurtatu du Arraia-Maeztuko alkate Anartz Gorrotxategik (EAJ), ostiral honetan Mendialdea Radio irratian egindako adierazpenetan.
Hiru proiektuen ezaugarriak
- Arkamo Parke Eolikoa Erriberagoitian eraikiko da. 95 MW-ko potentzia eta 19 aerosorgailu izango ditu; horrekin batera, azpiestazio eraldatzaile bat jarriko dute bertan, eta goi-tentsioko aireko linea bat Arkamutik Larrazubiraino (Lantaron). Parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren aurrekontu zenbatetsia 70.560.055,43 eurokoa izango da.
- Iturrietako Mendien Parke Eolikoak Arraia-Maeztu, Agurain, Iruraiz-Gauna eta Entziako Partzuergoko lurrak hartuko ditu. 75 MW-ko potentzia eta 15 aerosorgailu izango ditu; horrekin batera, azpiestazio eraldatzaile bat jarriko dute Donemiliagan eta goi-tentsioko aireko linea bat Donemiliagatik Elgearaino. Aurreikusitako aurrekontua 54.460.390,63 eurokoa da.
- Labraza Parke Eolikoa bi autonomia erkidegoren artean eraikiko da, Oion (Araba) eta Nafarroako Aguilar Kodes (Nafarroa) udalerrien lurretan. 40 MW-ko potentzia eta zortzi aerosorgailu izango ditu; gainera Kodeseko azpiestazio eraldatzailea zabalduko da. Aurreikusitako aurrekontua 30.838.937,49 eurokoa da.