Herrialdeko mendi babestuetan Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen zentral eolikoen aurka agertzeko eskatu diote EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak Foru Aldundiaren gobernuari. Talde abertzaleak eskaintza egin dio Ramiro Gonzalezek buru duen gobernuari, parke horien proiektuei alegazioak elkarrekin egiteko: "Alegazio horien helburua proiektuak gelditzea da". Izan ere, Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak azaldu duenez, "indar politiko guztiok batera eginez indartsuagoak izango gara".
Halaber, EH Bilduko eledunak gogoratu du aurreikusitako parke eolikoek ingurumen inpaktuko nahitaezko azterketa gainditu beharko dutela, eta Eusko Jaurlaritzak Aixeindarraren bidez sustatutako bi proiektu –Iturrieta eta Arkamo– babes bereziko eremuetan daudela.
"Denak ez du balio"
Elkarrekin Araba koalizioak, berriz, asteazken honetan Batzar Nagusietan egingo den Kontrol Saioan interpelazioa aurkeztu du, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azalpenak eman ditzan. Zentral eolikoak geldiaraztea eskatzen duten plataformekin bat egiten dutela esan du Elkarrekin Arabak, "ingurumenean eta gizartean izango luketen eragina larria eta konponezina delako". David Rodriguez koalizioko batzarkideak kritikatu du 15 urtez geldituta egon diren proiektuak berriro martxan jartzea, "bat-batean eta Plan Sektorialik gabe".
Rodriguezen iritziz, eredu horrek eragin handia izango du ekosisteman, herrietan eta bizi-kalitatean. "Gainera, Arabako Batzar Nagusiek erabakitako Mugarri Planaren aurka jotzen du. "Bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan, premiazkoa da energia berriztagarrien eta garbien garapena bultzatzea, baina betiere jasangarritasunean oinarritutako modu planifikatu eta antolatuan. Energia berriztagarri guztiak ez dira iraunkorrak, eta denak ez du balio edozein lekutan eta edozein preziotan".
Alegazioak maiatzaren 3ra arte
Bitartean, Arabako Mendiak Aske plataformak proiektu eolikoak bertan behera uzteko alegazioak jasotzen jarraitzen du. Lana errazteko, idazki horiek entregatzeko hainbat puntu bildu dituzte mapa batean; izan ere, mapaz gain, manifestua, alegazioak egiteko dokumentazioa eta proiektuaren inguruko informazio zabala topa daiteke plataformaren webgunean: arabakomendiakaske.mozello.com. Gogoratu dutenez, maiatzaren 3ra arte jasoko dituzte alegazioak.
Hiru proiektu desberdin dira publikatu direnak –Arkamo, Labraza eta Iturrieta–, eta, beraz, proiektu bakoitzeko alegazio bat egin behar da. Beraz, hiru dokumentu bete behar dira. Azazetako zentral eolikoaren proiektua oraindik ez dute publiko egin.