Soilik 2020an, Zaballan preso zeuden lau pertsona hil dira dagoeneko "arrazoi ez naturalengatik", eta azkena I.M.E. izan da, 35 urteko gasteiztar bat; irailaren 26an agertu zen bere hilotza. Urte honetan Zaballako espetxean hildako laugarren pertsona izateaz gain, irailean hil den bigarren presoa da.
Izan ere, apirilaren 4an, Zaballan preso zegoen beste pertsona bat hil zen Santiago Ospitalean, aurtengo zerrendako lehena. Uztailaren erdialdean, 23 urteko beste preso baten gorpua aurkitu zuten, urteko bigarrena. Eta, azkenik, irailaren 10ean, 4. moduluko preso bat bere ziegan urkatuta topatu zuten kideek.
2019an, berriz, beste bost preso zendu ziren Arabako kartzelan; hortaz, azken bi urteetan bederatzi pertsona hil dira Zaballako hormen artean. Eta odolusteak ez du etenik Arabako espetxearen barruan.
"Ekidin zitekeen tragedia bat"
Beste kasuetan bezala, Salhaketak deitoratu du "ekidin zitekeen tragedia bat" izan dela, eta Espainiako kartzeletan hildako pertsonen "zifra makabroa" loditu duen "iragarritako heriotzen kronika berri bat" baino ez dela. Gainera, hildako "gehienak arrazoi ez-naturalengatik hilda agertzen diren gazteak" direla ohartarazi du elkarteak.
"Zer ari da gertatzen? Zergatik ezkutatzen dira heriotza horiek? Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko litzateke biktimak beste batzuk balira? Zigor gabe onar al daitezke heriotza horiek estatuaren erakunde batean?", galdetu du Salhaketak.
Legeriaren aplikazioa
Elkartearen aburuz, heriotza horietako gehienak saihestu litezke, "besterik gabe, indarrean dagoen legeria zorrotz aplikatuko balitz". Ildo horretan, neurri zehatzak eskatu ditu, hala nola:
- Fiskaltzak heriotza horiek ofizioz ikertzea kasu guztietan.
- Espetxeetako zuzendaritzek "inpartzialtasunez" familiak informatzea.
- Familiei beharrezko laguntza guztia ematea, erantzukizun zibil eta penalak eskatu ahal izateko.
- Droga-mendekotasunak gainditzeko programak ezartzea, prozesu-fasean dauden zigorrak ordezteko eta betearazpen-fasean daudenak baldintzapean eteteko neurriak garatzeko.
- Gaixotasun larriak dituzten presoak "berehala" askatzea, bereziki fase terminalean daudenak, baita gaixotasun mentalak dituztenak ere; izan ere, egoera horiek suizidioa eragiten dute kasu askotan.
- Zigor eta espetxe legeriaren berehalako erreforma, zigorrak "beharrik gabe" ez luzatzeko.
- Presoen kopurua murriztea, espetxe bakoitzaren "gaitasun optimoa" lortu arte, egungo masifikazioa saihesteko.