Preso bat urkatuta aurkitu dute Zaballako espetxean

Erredakzioa 2020ko ira. 15a, 14:16
32 urteko preso bat hilda agertu da Zaballako espetxeko 4. moduluan. / ALEA

Salhaketak jakinarazi duenez, beste preso bat hil da Zaballako espetxean. Abuztuan ekarri zuten Iruñeko espetxetik, eta, larunbatean, 4. moduluko bere ziegan urkatuta topatu zuten kideek. Arabako kartzelan urte honetan hildako hirugarrena da.

Zaballako espetxeko 4. moduluko kideek 32 urteko preso bat urkatuta topatu dute. Salhaketak azaldu duenez, kidea jaitsi egin zuten eta suspertzen saiatu ziren zerbitzu medikoa iritsi arte, baina, azkenean, hil egin zen.

Iruñetik Zaballara iritsi zen abuztuaren 4an, eta bertako erizaindegian zegoen. Azaldu dutenez, ailegatu zenean bakarrik gizarte-langileak ikusi zuen, presoak psikologo batek artatzea bi aldiz eskatu zuen arren; ez zuen lortu.

Presoen aldeko Salhaketa elkarteak elkarretaratze bat deitu du astelehenean, irailaren 21ean, 12:00etan Olagibel kaleko 2. zenbakian, Gobernuaren Ordezkariordetzaren aurrean.

Hirugarren heriotza 2020an

Urte honetan Zaballako espetxean hildako hirugarren presoa da. Azkena duela bi hilabete hil zen, uztailaren erdialdean, 23 urteko preso baten gorpua aurkitu zutenean.

Beste kasuetan bezala, Salhaketak deitoratu du "ekidin zitekeen tragedia bat" izan dela, eta Espainiako kartzeletan hildako pertsonen "zifra makabroa" loditu duen "iragarritako heriotzen kronika berri bat" baino ez dela. Gainera, hildako "gehienak arrazoi ez-naturalengatik hilda agertzen diren gazteak" direla ohartarazi du elkarteak.

"Zer ari da gertatzen? Zergatik ezkutatzen dira heriotza horiek? Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko litzateke biktimak beste batzuk balira? Zigor gabe onar al daitezke heriotza horiek estatuaren erakunde batean?", galdegin du Salhaketak.

Legeriaren aplikazioa

Elkartearen aburuz, heriotza horietako gehienak saihestu litezke, "besterik gabe, indarrean dagoen legeria zorrotz aplikatuko balitz". Ildo horretan, neurri zehatzak eskatu ditu, hala nola:

  • Fiskaltzak heriotza horiek ofizioz ikertzea kasu guztietan.
  • Espetxeetako zuzendaritzek "inpartzialtasunez" familiak informatzea.
  • Familiei beharrezko laguntza guztia ematea, erantzukizun zibil eta penalak eskatu ahal izateko.
  • Droga-mendekotasunak gainditzeko programak ezartzea, prozesu-fasean dauden zigorrak ordezteko eta betearazpen-fasean daudenak baldintzapean eteteko neurriak garatzeko.
  • Gaixotasun larriak dituzten presoak "berehala" askatzea, bereziki fase terminalean daudenak, baita gaixotasun mentalak dituztenak ere; izan ere, egoera horiek suizidioa eragiten dute kasu askotan.
  • Zigor eta espetxe legeriaren berehalako erreforma, zigorrak "beharrik gabe" ez luzatzeko.
  • Presoen kopurua murriztea, espetxe bakoitzaren "gaitasun optimoa" lortu arte, egungo masifikazioa saihesteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide